- Blog
- Sektorearen Egungo Albisteak
- Marrubi edo mailukia: Ortuko bitxi gorria
Marrubi edo mailukia: Ortuko bitxi gorria
Marrubi edo mailukiak, kolore gorri biziko eta usain hordigarriko altxor txiki horiek, fruta soil bat baino gehiago dira; udaberriaren hasiera markatzen duen eta gure zentzumenak esnatzen dituen naturaren oparia dira.
Antzinarotik, zapore bikainagatik ez ezik, beren nutrizio-propietate apartengatik ere preziatuak izan dira.
Artikulu honetan marrubiari buruzko datu interesgarriak azalduko dizkizugu, eta zergatik kontsumitu beharko zenituzkeen ere azalduko dizugu.
Marrubia, lurreko altxor bat
Marrubi edo mailukiak, Errosazeoen familiakoak eta Fragaria generokoak, marrubi-sailaren fruituak dira.
Familia botaniko horretan landare belarkara, zuhaixka eta zuhaitzen 2.000 espezie baino gehiago daude, munduko eskualde epeletan banatuta.
Europan kontsumitzen dugun marrubi edo mailukiak jatorri liluragarria du: Virginiatik (Estatu Batuak) datozen barietate txiki eta ez oso zaporetsuen eta kolono europarrek Txiletik ekarritako beste barietate handiago eta gozoagoen arteko nahasketaren emaitza da. Bazenekien?
Onuraz betetako kutxa
Beren zapore berdingabeaz haratago, mailukiek nutrizio-propietateen altxor bat gordetzen dute, eta horiek aparteko elikagai bihurtzen dituzte.
Gure elikadura eta osasunerako dituen onurak azalduko dizkizugu:
Kaloria gutxikoak eta zuntz aldetik aberatsak
Ezin hobeak dira argaltzeko dietetarako, digestio-sistema erregulatzen eta gosea asetzen laguntzen dute eta.
Antioxidatzaileetan aberatsak
Flabonoide asko dituztenez (kolore gorri bereizgarria ematen dieten antozianinak, adibidez), marrubiak onak dira erradikal askeen kontra eta gure zelulak babesteko.
Antiinflamatorio naturala
Mailukien fenolek hanturazko gaixotasunen, hala nola asma, artritis eta arteriosklerosiaren, kontra balio dute.
C bitamina-iturria
Antioxidatzaile indartsua da, eta immunitate-sistema indartzen du, presio arteriala murrizten du eta adinari dagozkion begietako gaixotasunak prebenitzen ditu.
Manganeso aldetik aberatsak
Funtsezko minerala da oxidazio-estresari aurre egiteko eta zelulen hantura murrizteko, gaixotasun kardiobaskularrak prebenituz.
Zahartzearen aurkakoak
Azido elagikoak larruazalaren elastikotasuna hobetzen du, eta zimurren eta muskuluen biguntasunaren agerpena atzeratzen du.
Antikantzerigenoak
Marrubiak dituzten antioxidatzaileen eta antiinflamatorioen konbinazioak minbizia prebenitzeko aliatu bihurtzen ditu.
Diuretikoak
Ur eta zuntz edukiari esker, bikainak dira likidoak atxiki, giltzurrun-kalkulu, hipertentsio eta azido urikorako joera duten pertsonentzat.
Salizilatoetan aberatsak
Azido foliko ugarikoak
Funtsezkoa da haurdun dauden emakumeentzat, zelulen ugalketa erraztu eta anemia eta arazo kardiobaskularrak prebenitzen baititu.
Ia sinestezina da halako fruitu txiki batek hainbeste ondasun izatea, ezta?
Sasoiko oparia
Marrubi-sailak neguaren amaieratik udaren hasierara arte loratzen dira, eta fruituak udaberrian eta udaren zati batean, martxotik uztailera bitartean, heltzen dira.
Une horretan iristen dira heltze-puntu optimora, gure usaimena liluratzen duen urrin edo aroma nahastezinarekin.
Hala ere, beroa, garraioa eta hezetasuna ditu etsai nagusiak, bere gorputz delikatua erraz hondatzen baita.
Garrantzitsua da sasoiz kanpo merkatuan aurkitzen ditugun marrubiak saihestea; izan ere, agindutako nutrizio-propietaterik ez izateaz gain, plastiko azpiko labore behartuak ere badira, agrotoxikoen gehiegizko erabilerarekin eta lan-esplotazio kezkagarriarekin.
Zorionez, gure baserritar batzuek marrubiak landatzen dituzte eta, denboraldia iristen denean eta produktua bere punturik onenean dagoenean gure BBK Azoka online dendako produktuen katalogoan agertzen dira.
Ahalik eta gehien gozatu
Mailukien zapore eta mantenugai guztiekin gozatzeko, urrezko hiru arau bete behar dira:
-
Ahalik eta azkarren kontsumitu: Fruta oso galkorrak dira, eta, beraz, hobe da bildu ostean azkar kontsumitzea.
-
Saihestu gehiegi manipulatzea edo beroaren eraginpean jartzea: Horrek kaltetu egiten ditu eta zaporeari eragiten dio.
-
Justu kontsumitu aurretik garbitu: Ez utzi uretan zukua eta zaporea gal ez ditzaten.
Marrubiak oso gozoak dira bere horretan, baina hainbat modutan ere presta daitezke: zurtoinik gabe, piramide moduan marrubi hostoekin, piperbeltzez hautseztatuta edo laranja- edo limoi-zukuarekin edo ozpin baltsamiko on batez bustita, zaporea nabarmentzeko.
Harritu zure ahosabaia sasoiko entsaladekin, ortu edo baratzeko bitxi gorri hauek barne direla. Ez gehitu azukrea, berezko zaporea estali eta zure ahosabaia atrofiatzen baitu.
Eta postre, entsalada, saltsa eta beste plater batzuen errezetak prestatzeko osagai gisa erabiltzeak aukerak etengabe zabaltzen ditu.
Ikusten duzunez, marrubi edo mailukiak fruta bat baino askoz gehiago dira. Naturaren oparia dira gure zentzumenak gozarazteko eta gure osasuna zaintzeko.
03/06/2024 Kategoriak: Sektorearen Egungo Albisteak Etiketak: