Inauterietako tostadak prestatzeko bost modu berritzaile eta desberdin. Animatuko zara?

Inauterietako tostadak edo torradak egun hauetan postrerik kutunena bihurtzen dira. 

Tostadak esaten zaie pastel-kremarekin egiten direnei, eta torradak ogiz egiten direnei. Baina Bizkaian guztiei tostadak esaten diegu, bereizketarik egin barik.

Errezeta ezberdin ugari daude horiek egiteko, eta oraingo honetan inauterietako tostadak modu sortzaileago eta berritzaileagoan egitera anima zaitezen proposatuko dizugu.

Eta bost barietate ezberdin eskaintzen dizkizugu. Ausartuko zara?

Inauterietako tostada beganoak

Oso erraza da beganoak egitea: nahikoa da esnearen ordez edozein landare-edari erabiltzea eta, pla-pla egiteko, garbantzu-, soja- edo arto-irina erabiltzea.

Mami ona duen ogi bat behar dugu, prozesu osoa ondo jasango duena, busti, pla-pla egin eta gero zartaginean edo labean prestatu behar baitugu. Aurreko egunetako ogia aprobetxa dezakezu.

OSAGAIAK

  • Ogia

  • 750 ml landare-esnea

  • Kanela-adaxka bat

  • Limoi-azala

  • 5 koilarakada garbantzu-irin

  • 1 koilarakada ozpin

  • Gozagarria nahieran

  • Oliba-olioa

PRESTAKETA

  1. Torrada gozo-gozoak egiteko, egosi landare-esne ugari (gutxienez 750 ml) kanela-adaxka batekin eta limoi-azalaren hiruzpalau zatirekin. Gehitu gozagarria nahieran, eta ondo eragin.
    Irakiten duenean, kendu sutatik eta utzi hozten. Kendu kanela eta limoi-azalak.

  2. Moztu ogia xerra lodietan eta egin blai aurretik prestatu dugun esnetan limoiarekin eta kanelarekin.

  3. Ogi-xerrak blaitu ondoren, pla-pla egin behar dira. Horretarako, nahastu 5 koilarakada garbantzu-irin eta koilarakada bat ozpin. Gehitu ura ondo eraginez nahasketa leun bat lortu arte, gutxi gorabehera arrautza irabiatua bezala.

  4. Pasatu torradak nahasketa horretatik eta egin zartaginean su ertainean oliba-olio apur batekin, ondo gorritu edo txigortu daitezen saiatuz. Atera itzazu eta utzi hozten.

Txokolatezko tostadak

Prozedura berbera da, baina landare-edariari 3 koilarakada kakao-hauts gehituko zaizkio, eta azkenean torradak kakao puru apur batekin hautseztatuko ditugu.

Limoi-azalaren ordez laranja-azalarekin ere egin daiteke, kakaoarekin askoz hobeto egokitzen den aroma da.

Tostada espeziadunak

Kasu honetan, landare-edari gisa koko-esnea erabiltzea proposatzen dizugu, eta pare bat kardamomo, izar-anisa, kanela, limoia, iltze usaintsu bat eta Jamaikako 3 edo 4 piperbeltz-bolatxo botatzea. Nahasketa horren usain eta zaporea harrigarria da. 

Pla-pla egiteko, garbantzu-irinari laranja-loreen ur-tanta batzuk gehitu ahal dizkiozu.

Tostada beteak

Egin xerrak lodixeagoak eta moztu erditik beste muturrera iritsi gabe, hau da, liburutxo bat osotu gabe. Landare-edariaren nahasketan blaitu ondoren, jarri barruan platano-xafla txiki finak, pla-pla egin, eta egin zartaginean edo labean.

Tostada-tarta labean

Barietate are berritzaileagoa.

Xerra guztiak beratuta dituzunean, jarri molde karratu edo laukizuzen batean (ahal dela laberatzeko paperarekin), tarterik utzi barik eta pilatuta, bloke bat osa dezaten.

Torraden gainean, isuri astiro lehenik garbantzu-irinaren nahasketa eta, ondoren, bexamel arin bat, landare-edari, gozagarri (edo sagar-pure) eta irin integralarekin egina.

Sartu labean 180ºC-tan 15 minutuz, eta gero beste 5 minutuz gratinatu edo gainerre, goiko geruza gorritu dadin. Atera ezazu eta utzi hozten, moztu eta zerbitzatu aurretik.

 

Inauteri hauetan denak harrituko dituzu, ziur…

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1