- Blog
- Sektorearen Egungo Albisteak
- Biodibertsitatea baserrian: gure ingurune naturala babestearen garrantzia
Biodibertsitatea baserrian: gure ingurune naturala babestearen garrantzia
Baserria laborantza-eremu bat baino gehiago da.
Baserriak ez dira soilik nekazaritza-ekoizpenerako lekuak; benetako biodibertsitate-babeslekuak dira. Baratze edo ortuetan, larreetan eta inguruko basoetan landare, animalia eta mikroorganismo ugari bizi dira, eta horiek funtsezko eginkizuna betetzen dute gure ekosistemen orekarako.
Biodibertsitate hori babestea eta sustatzea onuragarria da, ingurune naturalarentzat ez ezik, beren elikadura eta ongizaterako haren mende dauden pertsonentzat ere.
Zergatik da garrantzitsua biodibertsitatea baserrietan?
Oreka ekologikoa
Landare, intsektu edo animalia bakoitzak funtzio espezifiko bat betetzen du baserriko ekosisteman. Polinizatzaileek, hala nola erleek, fruta eta barazkien ekoizpena bermatzen dute, eta harrapari naturalek izurriteak kontrolatzen dituzte; guztiek harmonian lan edo behar egiten dute oreka naturalari eusteko.
Lurzoru osasungarriagoak
Labore-aniztasunak eta ohiko praktika edo jardunbideak erabiltzeak mantenugaiei dagokienez lur aberatsak izatea ahalbidetzen dute, eta horiek funtsezkoak dira nekazaritza jasangarrirako. Lurreko mikroorganismoek, biodibertsitate horren mende daudelarik, haren emankortasuna eta ura atxikitzeko gaitasuna hobetzen dute.
Klima-aldaketara egokitzea
Ingurune bioanitza erresilienteagoa da klima-aldaketaren ondorioen aurrean. Tokiko barietateak landatzeak eta baserriko habitat naturalei eusteak muturreko fenomenoak arintzen laguntzen du, hala nola lehorteak edo euri-jasak.
Elikagai osasungarriagoak
Baserriko biodibertsitateak eragina du kontsumitzen ditugun produktuen kalitatean ere. Tokiko eta sasoiko elikagaiak freskoagoak izateaz gain, nutrizio-balio handiagoak izaten dituzte ingurune natural orekatuetan landu eta hazten direlako.
Mehatxuak baserriko biodibertsitatearentzat
Garrantzi handia duen arren, baserriko biodibertsitateak mehatxu ugari ditu aurrean:
-
Nekazaritza areagotzea: monolaborantzak eta pestiziden larregizko erabilerak espezie-aniztasuna murrizten dute.
-
Urbanizazioa: hiriguneen hedapenak nekazaritzarako eta basa bizitzarako eskuragarri dagoen lekua murrizten du.
-
Klima-aldaketa: tenperaturen eta prezipitazioen aldaketek espezieen ziklo naturalei eragiten diete.
Zelan babestu dezakegu biodibertsitatea baserrietan?
-
Tokiko produktu jasangarrien alde eginez: baserritarren produktuak erosteak ingurumena errespetatzen duten nekazaritza-jardunbideak sustatzen ditu.
-
Laboreak dibertsifikatuz: tokiko eta sasoiko barietateak ereitea sustatu behar da, oreka ekologikoa mantentzeko.
-
Naturguneak kontserbatuz: baserriaren barruan eta inguruan basoak, heskaiak eta urmaelak errespetatu behar dira, espezie askorentzat funtsezko habitat gisa.
-
Prestakuntza eta sentsibilizazio bidez: belaunaldi berriak biodibertsitatearen garrantziari eta biodibertsitatea zaintzeko moduari buruz hezi behar dira.
BBK Azokaren konpromisoa
Egunero gure ingurunea zaintzen lan edo behar egiten duten baserritarrei laguntzen diegu BBK Azokan. Bertoko produktuak aukeratzean, elikagai fresko eta kalitatezkoez gozatzeaz gain, gure baserrietako biodibertsitatea babesteko ere laguntzen ari zara.
Natural eta jasangarriarekiko konpromiso hori funtsezkoa da guztiontzako etorkizun bidezkoagoa eta orekatuagoa eraikitzeko.
Ezagutu gehiago gure tokiko produktuei buruz eta egizu bat misio horrekin BBK Azokan.
Zaindu dezagun elkarrekin gurea, zaindu dezagun biodibertsitatea!
19/02/2025 Kategoriak: Sektorearen Egungo Albisteak Etiketak: