Batch cooking, kozinatu egun batean eta prestatu menuak aste osorako

Janaria jaki-ontzian lanera eraman behar duen horietakoa bazara, agian dagoeneko ohituta zaude batch cooking egitera, baina izen hori duela jakin barik.

Artikulu honetan jakiak prestatzeko metodo hori zertan datzan, eskaintzen dizkizun abantailak eta gure online dendari probetxu handiena zelan atera diezaiokezun azalduko dizugu, praktikan jar dezazun.

 

Zer da batch cooking?

Hitzez hitzeko itzulpenaren arabera, horrela deitzen zaio txandaka kozinatzeari, eta kontua da astean egun bat sukaldean ematea hainbat errezeta edo jaki prestatzeko.

Jaki horiek gero hozkailuan gorde edo izoztu egin daitezke, eta beharraren arabera kontsumitzen joan.

Metodo honek abantaila ugari eskaintzen ditu.

Batch cooking-aren abantailak

  • Denbora aurreztea: behin kozinatzen da hainbat jaki edo menu-konbinazio egiteko. Prestatzeko eta menuetan pentsatzeko denbora murriztu egiten da.

  • Dirua aurreztea: gutxiago alferrik galtzen da eta baliabideak eta elikagaiak hobeto aprobetxatzen dira. Gainera, elektrizitatearen edo gasaren kontsumoan ere gastua murriztu egiten da, modu eraginkorragoan lan egiten baita.

  • Antolaketa eta plangintza: aste osoko menua antolatzea errazten du. Erosketa-zerrenda eta jakitokiaren antolaketa planifikatzen ere laguntzen du.

  • Elikadura orekatuagoa: inprobisatzeko, erosketa konpultsiborako eta zabor-janariaren abusurako arriskua murriztu egiten da. Eta dieta orekatzen ere laguntzen du, gomendatutako barazki, proteina, karbohidrato oso eta gantz osasuntsuen kopuru egokiekin. 

Zer kozinatu daiteke batch cooking sistemaz?

Jaki eta prestakin mota batzuk hobeto egokitzen dira batch cooking-era. Adibidez:

  • Jaki erregosiak eta eltzekoak

Lekale (dilista, garbantzu edo babarrunen) eta barazkien eltzekoak gozoak, ekonomikoak eta osasungarriak dira, eta izoztu ere egin daitezke. Betiko lapikoko edo eltzekoak tipula frijitu, baratxuri eta piperrautsarekin egin daitezke, ukitu asiarra eman jengibre, soja-saltsa, curry edo koko-esnearekin, edo ukitu mediterraneoa tomate-saltsa eta belar finekin. 

  • Barazkiak labean

Era guztietako barazkiak moztu daitezke, hala nola piperrak, azenarioa, boniatoa, kalabaza edo kuia, berenjena edo alberjinia, azalorea, brokolia, tipula, … gatz eta olio eta beste espezia batzuekin ondu, eta 30-45 minutu bitartean laberatu. Gainera, jakiak landare-proteinarekin osa daitezke, hala nola garbantzu egosi, seitan edo tofuarekin, eta barazkiekin batera laberatu. Eta emaitza da jaki nagusia prest duzula, anoaka bana daitekeena jaki-ontzietan.

  • Entsalada koloretsuak

Entsaladak prest utz daitezke barazki gogorragoekin, hala nola kale, aza, aza gorri, azenario edo kuiatxoz eginak, horrelakoek egun-pare bat irauten baitute hozkailuan ongailuarekin. Eta dilista edo beste lekale batzuen entsaladak ere aukera bikaina dira. 

  • Landarezko hanburgesak edo haragi-bolak 

Lekale, barazki, tofu edo zerealekin prestatzen dira, forma ematen zaie eta hozkailuan gordetzen dira. Frijitzeko edo laberatzeko prest uzten dira.

  • Ongailuak eta saltsak 

Aldez aurretik ere presta daitezke, baina gogoan izan hobe dela bakoitza bere aldetik prestatzea eta gordetzea. Horrela hobeto kontserbatuko dira eta onduko den errezetak ere hobeto mantenduko ditu bere testura eta freskotasuna. 

 

Ikusten duzunez, batch cooking soluzio bikaina da gure online dendan askotariko produktuak eskatu eta batean prestatu ahal izateko, osagaiak eta horien mantenugaiak ahalik eta gehien aprobetxatuz.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1