Neguko barazkiak

Neguko barazkiak eta ortuariak, ezinbestekoak koilaraz egiten diren jatorduetan

Negua iritsi eta tenperaturak jaisten direnean, gauza gutxi dira eskergarriagoak salda ona, su txikian luze egindako eltzekoa edo gisatu gozo bat baino. Koilaraz egiten diren otorduak dira lagunik onenak merkurioaren jaitsierari aurre egiteko, baina beren gozotasun eta ezaugarri guztiak ahalik eta gehien hartzeko, sasoiko barazki eta ortuari ondo hautatuekin batera jan behar dira.

“Aza, azalorea, aza gorria, romanesco brokolia, ziazerba, porrua, kardua, eskarola… horiek dira hemen neguan izaten ditugun barazkiak eta ortuariak. Produktu bakoitzak du bere sasoia, gure klimak gai hauek izateko aukera ematen digu eta bai zaporean eta bai presentzian hori igarri egiten da”, dio Begoña Lumbrerasek, nekazaritza-gaien ekoizle bizkaitar honek.

Lumbrerasek Berangon eta Gatikan ditu ortuak, eta sasoian sasoiko eta hurbileko produktuak jatearen garrantzia azpimarratzen du, horrela kalitatea eta zaporea aberatsagoak dira-eta.

“Udako ortuariak, piperrak edo tomatea, bestelakoak dira, baina neguan ere izaten dira oso barazki onak, era askotara egin daitezkeenak: garbantzuekin, odolestearekin…”, esan du.

Bere iritziz, hotzarekin bero jatea gustatzen zaigu eta neguko barazki eta ortuariek errezeta asko egiteko aukera ematen dute. “Nik ziazerbaz tortilla ere egiten dut, eta azoketan ikasten dut gehien, bezeroek eurek nola prestatzen dituzten esaten didate-eta", erantsi du.

Egia esateko, azoketan kontsumitzailearekin izaten duen harremana da, zalantzarik gabe, Begoñarentzat motibagarriena, produktuaren harreraz orientabide ona izateaz gain.

“Azokekin pozarren nago. Saltokian jendearekin egotea eta euren iritzia jakitea oso motibagarria da. Askotan esaten didate azoketara joaten direla produktu ona eta etxekoa jan nahi dutelako", erantsi du.

Begoñarentzat funtsezkoa da lan pedagogikoa egitea kontsumitzaileak hobeto ezagutu ditzan nekazaritza-ustiategien errealitatea eta produktuen egutegia, bakoitza dagokion sasoian jateko.

“Kontsumitzaileak baloratzen du produktuaren kalitatea, baina ez du behar den argibiderik. Ortuaren mundutxoa oso ezezaguna da”, gogoeta eginez amaitu du.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1