- Blog
- Sasoian Sasoikoa
- Tipulinak, udaberriaren ospakizuna
Tipulinak, udaberriaren ospakizuna
Samurrak, gozoak eta usain onekoak, tipulinak udaberriaren sinonimo dira eta, bere etorrerarekin, entsaladen freskotasun zaporetsuaz betetzen da mahaia.
Bere nakar-kolore zuriagatik, zurtoin irmo eta berdeengatik eta testura kurruskari eta urtsuagatik, barazki edo ortuari hau benetako festa bihurtzen da aho-sabairako.
Tipulinak goiz batzen dira, oraindik hazteko prozesuan daudenean eta loratzera iritsi baino lehen; beraz, oso loturik dago udaberriko sasoiari eta udako lehen konpasei.
Zuntz eta bitaminetan aberatsak eta kaloria gutxikoak, kontserbazio-aldia ere laburra dute, eta beraz hozkailuan gordetzea gomendatzen da, baina plastikozko ontzirik gabe, hezetasuna sortzen dute eta.
“Txandaka landatzen ditugu, klimaren arabera jokatzeko eta irteera ere pixkanaka emateko. Oso politak daude, tenperatura epelek mesede egin digute eta aurreratuta dator produktua”, dio Begoña Lumbreras-ek Berangoko Momoitio baserritik.
Bere ohar-koadernoari begiratzen dion bitartean, han erregistratzen baititu bere uzten gorabeherak, Begoñak dio lehenengo tipulinak iazko azaroan landatu zituztela.
“Uzta aurreratuta dator tenperaturen eraginez”, dio Lumbrerasek, eta itxaropena du ekoizpena udako hilabeteetara ere luzatu ahal izateko.
Gorka Irazabalek, Goreko ustiategikoak, azaldu du abendu eta urtarril artean hasi zituztela landaketak eta, une hauetan, batze-aldiaren azkenetan aurkitzen direla. Guztira 5.000 tipulin landatu zituzten, bi txandatan banatuta.
Nekazariak esan du baloratuenak tamaina txikerrenekoak direla, samurrak eta minik ez dutenak; eta kontsumoa bultzatzen duen alderdietako bat legez, “finak eta gozoak” izateaz gain, “zapore berezia" izatea nabarmendu du.
Irazabalentzat funtsezko faktorea da produktu honen zikloa errespetatzea, udaberriko sasoiari lotua baitago.
Bestalde, Larrabetzun dagoen Goilurra ustiategiko Asier Urkijoren iritziz, uzta oso ondo etorri da eta oparoa da.
Nahiz eta tipulinen kontsumoa oso loturik egon entsaladei, bere erabilera frijituki eta salda guztietan egin daiteke, baita haragi eta arrainen lagungarri legez ere. Hala ere, Begoñarentzat, erabilera nagusietako bat arduraz eta mimoz sueztitzea da arrautzopil edo tortilla frantsesetan sartzeko.
15/05/2017 Kategoriak: Sasoian Sasoikoa Etiketak: Hortalizas