SAGAR-GARAIA

Bost Kantoi, Urdin Sagarra, Txalaka edo Urtebeta bertoko laurogei sagar-barietate baino gehiagoren arteko batzuk baizik ez dira, Bizkaian arrakastaz ekoitzi eta sagardoa egiteko erabiltzen direnak, bere freskotasun eta garraztasunagatik ezaguna den sagardoa.

Bertoko aldaerak landatzearen abantaila nagusia Bizkaiko klimatologiara egokiturik egotea da, eta horregatik erresistenteagoak dira gaixotasun eta izurrien aurrean.

Aurten, hala ere, uzta urria izan da, iaz larregizko ekoizpena izan baitzen, eta horrek eragina izaten du zuhaitzen errendimenduan hurrengo denboraldian. Gainera, tenperaturak erabakigarriak dira honetarako, eta iazko negua, ohikoa baino beroagoa, eta aurtengo udaberria, hotzagoa eta hezeagoa, igarri egin dira sagarrondoetan.

“Aurtengo uzta sanoa izan da, baina kilotan urri samarra, eta beraz jaitsiera nabarmena izango da ekoizpenean. Hori hainbat faktoreren ondorio da. Iazko kanpaina oso oparoa izan zen eta arbola autorregulatu egiten da, ohiko erreakzioa da, normala. Gainera, ezohiko udaberria izan genuen, hotzegia eta hezetasun handikoa, eta negua ohi baino epelagoa”, azaldu du Jose Antonio Zamalloak, Uxarte Sagardotegikoak.

Zornotzan daukan sagardotegitik, Jose Antoniok azaldu digu sagardoa egiteko sagarrik onenak garratz-mikatzak direla, PH gutxikoak, horrek garraztasuna ematen dio-eta.

Bere iritziz, “sagardo naturalaren parametroak oso antzekoak dira Kantauri itsasoko ertz osoan", baina alde nabarmena dute Frantziako sagardoen parean, han tanino asko dutenez garraztasun gutxiagokoak izaten dira-eta.

Ekoizlea baikor dago aurten espero daitekeenaren aurrean. “Analitikek emaitza onak eman dituzte. Garai honetan sagardoa upelean dago irakiten. Aurkezpenak urtarrilean egiten dira eta irakite-denbora asko aldatzen da upategiko tenperaturaren arabera, baina gutxienez bi hilabete behar dira, hartzidura edo irakinaldi alkoholikoa eta malolaktikoa osatu ahal izateko”.

Euskal Autonomia Erkidegoko sagardoa urrats garrantzitsuak egiten ari da bere kalitate-marka izan dezan, atzerrian ere aitortua, eta une honetan Europar Batasuneko baimenen zain dago Sor Marka edo Jatorri Deitura propioa izan dezan, eta 2017rako espero da hori.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1