Pipermina, aho-sabaiko erregina

Jendeak ‘ortuko gula’ edo ‘Ibarrako otarrainxka’ ere deitua, piperraren euskal barietate fin-fina da pipermina, 10 cm inguru luze, azal fin, mami bigun eta tonu berdexka duena hori puntu batekin.

Hilabete beroetan jasoa, pipermina gozo-gozoa egoten da frijituta eta kontserban, baina zatitu ere egin daiteke edozein entsaladari botatzeko, eta zapore-leherketa harrigarria eskaintzen digu tenpuran kuzinatua.

“Pipermina ortuko gula da eta eskari handia du. Azoketan dena saltzen da. Kontsumitzaileak asko eskatzen digu”, adierazi du Momoitio baserriko Begoña Lumbreras bizkaitar ekoizleak, egun hauetan pipermina batu eta batu dabilelarik bere ortuetan.

Begoñak azaldu du piperminak gusturik onena hainbat batze edo bilketa egin ostean izaten duela, landarean heldutasun handiagoa lortzen baitu, erabat galduta berdearen mingostasuna.

Gainera, prozesua zorrotza dela zehaztu du, beharrezkoa baita arretaz jagotea landarearen lotzea, mina kentzeko erruz ureztatzea, eta erabat eskuz batzea. 

Emaitza aparteko zaporedun produktua da, zartaginean minutu batzuk besterik ez ditu behar, eta gero ezinezkoa gertatzen da bat bakarrik jatea. 

Gorekoko ortuak, Mungian, piperminez bete-beteak daude egun hauetan. Gorka Irazabalek azaldu duenez, bi barietate dituzte: Ibarrako pipermin klasikoa, Gipuzkoako Ibarran jatorria duen ekotipoa eta Euskal Herriko hainbat eskualdetara zabaldua; eta pipermin gozoa, tamainaz handiagoa, mamitsuagoa eta berde biziagokoa, ahoan batere erresuminik lagatzen ez duena.

“Lau edo bost urte daramatzagu pipermin gozoa merkaturatzen, Ibarrakoa baino ia bi aldiz handiagoa da, eta oso harrera ona du. Frijituta ikaragarria da”, gehitu du Gorkak.

Bi barietate horiez gain, beste sei edo zazpi pipermin-barietate ere merkaturatzen dituzte, eskuarki freskotan, eta hainbat aukera eskaintzen dituzte bezeroek lehor ditzaten.

Larrabetzun, berriz, Goilurra gizarteratzeko enpresaren nekazaritza-ustiategia dago; gizartetik kanpo geratzeko arriskuan daudenak gizartean eta lan-munduan txertatzearen alde egiteaz gain, kalitate bikaineko berdurak eta ortuariak, kontsumitzaileak oso estimatuak, ekoizten ditu.

Goilurran etekin betean daude egun hauetan, eta astean 10 eta 20 kilo artean pipermin batzen dituzte.

Eta Bizkaitik irten gabe, Lezama herrian, Agricultura Creativa berotegiak daude, Patricia Gutiérrez ekoizle gazteak kudeatuak, nekazaritza hidroponikoaren bidez pipermina ekoizten hasi baita. Sistema honek lurraren edo substratuaren ordez gai inerte edo bizigabea erabiltzen du eta bertan zabaltzen dira landareen sustraiak. Behin sustraituta, beharrezko mantenugai guztiak dituen ureztatze-sistema baten bidez elikatzen dira.

Pipermin hidroponikoaren monokultiboak landarearen gaineko kontrola ahalbidetzen du, ez baitu estres hidrikorik ez larregizko eguzkirik pairatzen, eta ondorioz gozotasun aparta eskaintzen du.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1