- Blog
- Sasoian Sasoikoa
- MAILA HANDIA EMAN GURA DUEN TXAKOLINA
MAILA HANDIA EMAN GURA DUEN TXAKOLINA
Mahats-batzea amaituta, Bizkaiko 2016ko txakolina prest dago aurrekoaren txanda hartzeko eta upategiak eta aho-sabaiak konkistatzeko. Lehenengo litroak upeletan daude irakiten, gorpuztu eta zaporea hartzeko eta gero botilaratzen hasteko.
Aurten, txakolina egiteko mahats-batzea eguraldiak baldintzatu du. Udaberri fresko eta uda lehorraren ostean, uztari mesede egin zioten irail amaierako euriek, mahats mordoak egoki heltzea ahalbidetuz.
Nahiz eta alea ez den iritsi aurreko urtekoaren tamainara, jatorri-deiturako ardo berria lurrintsu edo aromatikoa dator eta iazkoaren antzeko zapore- eta garraztasun-mailakoa. Graduazioari dagokionez, apur bat apalagoa da, baina jarraitzen du Bizkaiko txakolinaren ezaugarri propioak eta bereziak izaten, eta horri esker ardo hau edari paregabea da arrain, itsaski, paella edota ortuarekin hartzeko.
“Mahatsa batzen hasi ginenean, txakolinak 11 gradu eta erdiko alkohola zuen, baina azkenerako gainditu egin dugu datu hori eta oso pozik gaude”, azaldu du Jose Antonio Torrek, Butroi (Gatika) upategikoak, duela gutxi Madrilen saritua Espainiako 10 ardo zuri onenetako bat izateagatik.
Erdikoetxe txakolindegian, Lezaman, Andoni Ojanguren egoera berean topatu da: “Lehenengo bildutako mahatsak 2 edo 3 hamarren gutxiago ditu iazkoak baino, baina bigarren zatiak, urriaren amaieran eginak, graduazio handixeagoa du”, ziurtatu du.
Oraingoz, Dastatze-batzordeak lehen dastatze ofiziala baino ez du egin, eta hor baikor agertu da ardoaren kalitateaz.
Nahiz eta oraindik goiz izan garbi zehazteko uzta berriaren usain- eta gustu-bereizgarriak, iazko maila lortzea espero dute bizkaitar ekoizleek. Andonik garbi dauka: “Txakolina elementu bizia da, oraindik irakiten dago eta ez dakit azkenean zelan portatuko den, baina badakit iazkoaren biribiltasuna eta indarra izango dituela”.
Jose Antonio bat dator Andoniren iritziarekin. “Oraindik ardo gaztea da, baina pixkanaka joango gara ezagutuz azken kolorea, zaporea eta lurrina; itxaron egin behar da”, esan du upategiaren jabeak, urriaren 12an amaitu zuelarik uzta batzen.
Zapore eta lurrin edo aroma aldetik ardoa datorren udaberritik aurrera egongo da bere betetasunean, nahiz eta pribilegiaturen batzuek aukera izango duten Bilboko San Tomas Azokan lehen tragoak egiteko, datorren abenduaren 21ean. “Agian goizegi izango da edateko, ez baita guztiz jalkita egongo, baina azoka horretan jendea irrikaz egoten da urteko lehen txakolina dastatzeko eta ase beharra egoten da eskaria", azaldu du Erdikoetxe txakolindegiaren jabeak.
24/11/2016 Kategoriak: Sasoian Sasoikoa Etiketak: Txakoli