Ilarrak, gastronomiaren perlak

Udaberria iristean, gastronomian dagoen lekadunik moldakorrenetako baten batuketa hasten da. Aletan edo lekatan, ilarrak jaki nagusi gozo-gozo bihurtzen dira minutu gutxitan edo osagarri orekatu eta zaporetsu, kolorea, zaporea eta freskotasuna emateko edozein haragi edo arraini.

Begoña Lumbrerasen Momoitio baserrian jada hasia da ilarra batzeko garaia.

“Luzea izatea eta ilar polita ematea espero dugu", dio Begoñak, “ikusi ahala lantzearen aldekoa, jakiteko zein den garai egokia ilarrak batzeko”.

Ilar biguna du atsegin, prozesu delikatu baten emaitza, non aireztatzea funtsezkoa den kondentsazioa eta beroa saihesteko, horiek baitira landarearen eta fruituaren etsaiak.

Bestalde, Mungiako Goreko ustiategiaren arduraduna den Gorka Irazabal azken prestalanak egiten ari da lekale fin hau batzen hasteko. Bere ekoizpena bere barietate batez egiten du, leka handikoa da eta 8-9 alekoa. “Gure lurretara egokitu eta hobetu egin dugu; tamaina ertaineko landarea da, gehienez metro eta erdikoa, eta ilar handi eta emankorra da". Azpimarratzen duenez, ilarraren biguntasunak zerikusi handiagoa du batzeko garaiarekin barietatearekin berarekin baino. Zenbat eta denbora gehiago pasa fruituak lekan, gehiago pitzatuko eta handituko da; beraz, funtsezkoa da bilketa egitea ilarrak kalibre ona duenean eta leka berde eta fresko dagoenean.

Bitartean Larrabetzuko Goilurra ustiategian ilarraren uzta betean daude. Ia jasota dute lehenengo txanda eta hasita daude bigarren txandakoak batzen. Gutxi gorabehera 400 metro koadroko saila dute, non ale txikiko ilarra izan baita errege, malko barietatea izan gabe –hau da goi-sukaldaritzako chef-ek gogokoen dutena– kontsumitzailea bereganatzea lortzen baitu.

Asier Urkijok, Goilurra-n beharrean diharduenak, dioenez, batzen ari diren ilarrak txikixeagoak dira baina “zapore interesgarrikoak”.

Guztiek aldarrikatzen dutena da ahalik eta erarik naturalenean jan behar direla eta, sasoi-hasieraz baliatuz, gordinik hartzea iradokitzen dute, salteaturik edo apur bat egosita, baina sekula ez gehiegi kuzinatuta propietateak ez galtzeko. Edota oraindik ausartu ez direnak leka eta guzti kontsumitzera ere animatzen dituzte, ur irakinetan apur bat eginda edota tenpuran.

Gainera, gastronomiaren zurrunbilo betean, dagoeneko egile-sukaldaritzako batzuk saiatu dira beren sorkuntzetan ilar-loreak sartzen ukitu fresko eta koloretsu gisa.

Baina sasoiko produktu gisa egin daitekeen kontsumoaz haratago, ilarra lekadun paregabea da izozteko eta urte osoan kontsumitzeko.

Proteina, mineral, zuntz eta C bitaminaren iturri, kolesterol txarra eta azukre-mailak odolean kontrolatzen laguntzen duten propietateak dituzte ilarrek. Tamaina txikiko baina propietate askoko aliatua, dagoeneko gure eskura dago ahosabai finenen gozamenerako.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1