- Blog
- Sasoian Sasoikoa
- Gozotasunaren fintasuna
Gozotasunaren fintasuna
Ziazerbek ortuari-ekoizlerik zorrotzenak liluratzeko gaitasuna dute, ortuari honek berebiziko ahogozoa baitu, nutrizio-ezaugarri ugari eta sukaldaritzan askotariko erabilera.
Espinaken ezaugarria da mikroelikagaien iturri izatea, gure organismoak behar dituenak ongi funtzionatzeko. Besteak beste, ortuari hauek aberatsak dira bitamina, mineral, magnesio, potasio, kaltzio, burdina eta Omega 3 osagaietan. Gainera, karbono-hidrato eta koipe gutxikoak dira.
Gorka Irazabalek, Mungiako Goreko baserrikoak, azaldu duenez, jagon beharrekoak dira ureztatzeari dagokionez; ura behar du, baina neurri egokian, larregi botatzen bazaio, uzta galtzeko arriskua baitago. Gainera, hotzari ongi aurre egiten dion ortuaria da. Behin landatu ostean, bere hazkundea zerba edo letxugarenaren antzekoa da. “Neguan 2-3 hilabete behar izan ditzake, eta udan 15 egun edo hilabete”, zehaztu du.
Bere eskakizunak ditu, bai, baina esker onekoa ere izan daiteke. Lau urtaroetan landatu daitekeen ortuaria da, nahiz eta, nekazariaren arabera, kontsumitzeko garairik onena udazken-negua eta udaberria izan.
Bi espinaka-aldaera ohikoenak hosto kizkurrekoa, batu berria saltzen dena, eta hosto leunekoa dira, hau normalean jelatuta edo ontziraturik aurkitzen duguna. Landatzen diren urtaroaren arabera ere sailkatzen dira: udakoak, hazi leunekoak dira eta izotz edo leia nekez jasaten dutenak; eta negukoak, izotzak oso ondo jasaten dituztenak eta hosto lobulatuagokoak.
Hostorik txikienak hobezinak dira entsaladatan erabiltzeko. Zenbat eta handiagoak izan, sukaldean erabiltzeko aukerak nabarmen gehitzen dira, eta salteatu, tortilla, gisatu edota arrozetan erabil daitezke. Eta, jakina, barazki-purean ere bai. Hala ere, Gorkarentzat, ziazerbaren gozotasuna dela-eta, bakarrik ere jan daiteke edota beste zerbaitekin apur bar lagunduta.
Ohiko ortuari bati buruz ari gara, hamarkada askotan gure etxeetako plateretan egon dena, eta mundu osoan zehar landatzen dena.
Berrikuntza eta modernitatea ziazerbetara ere iritsi dira, eta, beste fruta eta ortuari batzuekin batera, “detox” edo desintoxikazio-irabiaki ospetsuen izar osagaietako bat da.
Aparte utzita kontsumorako hautaturiko formula, bere arrakasta ez da batere aldatu tokian tokiko nekazaritza-azoketan. “Oso produktu estimatua da azoketan eta oso ondo saltzen da”, dio Gorkak. Beste ortuari batzuk baino garestixeagoa da, ziazerbak lortzeko beharrezkoa baita landare asko batzea. Ekoizleak kontatu duenaren arabera, 7 kilo batzeko 100 eta 200 landare artean beharko lirateke.
10/02/2017 Kategoriak: Sasoian Sasoikoa Etiketak: Hortalizas