Gernikako piper berdea, parebakoa eta nahastezina

Ortuari gutxik dute Gernikako piperraren edo frijitzeko piper berde legez ere ezagutzen denaren ospe eta sona. Nahiz eta xume-xume prestatu, gehien bat zartaginean eta gatz larri apur batekin, piper berdeak merezimendu propioz irabazi du tokia ahosabai finenak dauden mahaietan.

Nahiz eta batzuentzat Padrongo piperraren edo Kantauri mendietako beste piper berde batzuen oso antzekoa izan, Gernikako piperra parebakoa da. Estua, luzea, batzuetan apur bat kurbatua, sei eta bederatzi zentimetro artekoa tamainaz eta kolore berde bizikoa, frijitzeko piperra oso produktu preziatua da, bai jaki nagusi legez eta bai osagarri legez.

Hezetasuna behar du, eta tenperatura ez oso altuak baina konstanteak, Gernikako piperra udaberriko lehen hilabeteetatik ─apiril eta maiatzetik─ irail eta urrira arte ekoizten da.

Ondo zaindu edo jagon beharreko produktua da. Bere unerik onenean batu behar da, landatzen denetik hogeita hamar eta hirurogei egun artean, gehiegi heltzen utzi barik, eta tamaina eta testura aldetik bere ezaugarrietara egokitzen laga behar zaio.

Momoitio baserriko Begoña Lumbreras baikor dago egungo kanpainarekin: “Eguraldia alde dugu. Ez da negu gogorra izan eta badirudi landareak aurrera egiteko gogoa duela”. Aurtengo uzta hilabete aurreratu da eta guztiak adierazten du azaroan ondo sartu arte iraungo duela.

“Hasieran, landarea ez zegoen behar bezala helduta eta lehen piperrek bazuten berde edo lizun-gustu apur bat, baina oraintxe bertan bikainak daude”, erantsi du Begoñak.

Ekoizle hau piper handixeagoa hartzearen aldekoa da, bere ustez “txikerra bada, ahogozoa galtzen baitu, hobe da aho betekoa izatea, zer jaten dugun sentitzea”.

Bestalde, Gorka Irazabal, Mungiako Goreko ustiategia, oraintxe dabil bete-betean landatzeko prozesuan: “Aurten oso landare polita dago. Gurea piper bitxi eta delikatua da, baina arrasto guztiak daude pentsatzeko iazkoa baino uzta hobea izango dugula”. Gorka ekaineko lehen asteetan hasiko da batzen, eta argudiatu du “ez duela presaka ibiltzea merezi, landarea bizpahiru aste geroago ipinita, lasterrago hazi eta gutxiago estresatzen baita". Eta gainera eguraldia beroagoa baldin bada, are hobea izaten da fruitua.

Goilurrako Asier Urkijo ere oraintxe dabil landatzeko prozesuan, eta hilabete eta erdi baino lehentxeago batzen hastea espero du. Asier denboraldia atzeratzearen aldekoa da, goizegi egin barik. “Lehenengo loreak ez du geroagokoek bezalako ahogozorik izaten, horiek piper mamitsuagoak ematen dituzte; dena den, landare zoragarria daukagu, oso itxura ederrekoa. Emaitza ona datorrela ematen du", esan du azkenean.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1