- Blog
- Sasoian Sasoikoa
- Bizkaiko turroiak, Gabonak gozatzeko
Bizkaiko turroiak, Gabonak gozatzeko
Turroia, polboroiekin eta mazapanarekin batera, Gabonetako festetako protagonistetako bat da, zalantzarik gabe. Postre ezin erakargarriagoa da helduentzat eta haurrentzat, familiako bazkalondoak eta afalondoak arintzeko eta urteko azken gaua bezalako momentu bereziak gozatzeko gai dena.
Zapore eta osagai konbinaketa horrek plazer sentsazio berezia sortzen du ahosabai gozozaleenetan; eta hura hobetzeko modu bakarra da postrearen osagaiak lehengai natural onenak izatea. Hala egiten du Arantza Meabe ekoizleak. Orduñako lantegian prestatzen ditu askotariko Gabonetako gozokiak, alde batera utzi gabe elaborazio artisaua eta kalitate oneneko osagaiak.
Produktuarekin eta bertako merkataritzarekin duen konpromisoari jarraituz, Meabek urtero hainbat turroi mota egiten ditu, une bakoitzean eskura dituen lehengaiak erabiliz. Aurten, 2017an, Orduñako lantegia usain bereziz bete da: intxaurrez egindako mazapan turroiarenaz eta laranjarekin edo txakolinarekin egindako txokolatezko klasikoaz.
Lurrin eta zapore ezberdinak dira, turroi bakoitza produktu berezi bilakatzen dutenak. Turroi guztiek dute, baina, alde komun bat: bertako produktu naturalekin egiten dira. “Txakolina beti da Bizkaiko Txakolina. Nahitaezko baldintza da niretzat. Intxaurrak, etxekoak ez direnean, bizilagunari erosten dizkiot”, azaldu du Arantza Meabek. Postreak egiteko erabilitako esnegaina eta esnea Bizkaia Esnea kooperatibakoa da: BBK Azokaren sareko dendan eros daitekeena.
“Beti saiatzen naiz produktuak ahalik eta gertukoenak izan erabiltzen”, adierazi du Meabek. Gozokien egiazko artisau bat da, eta xehetasun txikiena ere zaintzen du lehengaiak hautatzeko eta haiek konbinatzeko prozesuan.
Bizitzako gauza guztietan bezala, arretak eta txerak eragina dute amaierako emaitzan. Horregatik, Arantzak aldatu egiten du turroiaren osagaien konbinaketa, beti zapore bereziena lortzeko asmoz. Meabek argudiatu duenez, laranja konfitatuz egindako turroiak ezin hobeto konbinatzen du txokolate beltzarekin, eta txakolinaren zaporea indartu egiten da esnedun txokolateaz nahastean.
Turroiak egitean, oro har gastronomiarekin bezala, lehengaiak aukeratzeko fintasuna faktore erabakigarria da ahosabaiak konkistatuko dituzten produktuak lortzeko, eta betirako oroimenean gelditzeko.
20/12/2017 Kategoriak: Sasoian Sasoikoa Etiketak: Pastel Vasco