BERENJENAK UDARI AMAIERA EMATEKO

Badator uda amaiera, eta, horrekin batera, bukatzen ari dira eguzkia lotara joaten ez den udako arratsalde luzeak ere. Era berean, amaitzen ari dira gau epelak, herrietako jaiak eta hondartzetako txosnak. endez gainezka egon diren tabernetako terrazen ordez, lekua hartzen ari dira, pixkanaka, datozen asteetan zuhaitzen adaburuak jantziko dituzten kolore marroi biziak. Hala ere, hosto eroriek espaloiak bete baino lehen, berenjenaren garaia bere gailurrera iristen da. Berenjenaren kolorea more bizia da, beltzaren gertukoa, eta malko itxura du. Ehundura mamitsuko solanazeo dotore hau merkatu eta azoketako protagonista bihurtzen da.

“Uztail erdi aldean hasten gara berenjena biltzen, eta haren garaia abuztu eta irail osoan luzatzea espero dugu. Eskakizun handia du, asko eskatzen digute. Azoka batzuetan, adibidez Santurtziko azokan, postua jarri baino lehenago ere zain izaten dugu jendea, berenjena erosteko”, dio Begoña Lumbrerasek, Momoitio Baserria ustiategikoak.

Berangoko bere baserrian, berenjena barietate bakarra lantzea erabaki zuen Begoñak iazko udan, eta aurten estrategia bera errepikatu du.  “Berenjena bakarra dugu: kolore more bizikoa da, borobilagoa eta ponpatuagoa, mamitsua eta zapore oso onekoa", ziurtatu digu.

Elikagai honen jatorria Kristo aurreko 2.000. urtean dago, eta iturburua Asia hego-ekialdean egon daiteke; pentsatzen da merkataritzaren ondorioz Afrika iparraldean sartu zela, eta gero, Erdi Aroan, Europa hegoaldeko herrialde epeletan.

Berenjenek ur, mineral, bitamina eta zuntz ugari dute, eta modu askotara erabil daitezke sukaldean, plater nagusi bezala edo haragi eta arrainei laguntzeko. Arrautza-irinetan pasatuta, haragiarekin edo otarrainxkekin beteta, erreta edo Mediterraneo arroko herrialde askotan fruitu honekin egiten diren errezeta goxo eta ugariak erabiliz, berenjenak aukera gastronomiko oso ona dira, baliabide asko eskaintzen dituzte eta beti gustu ona uzten digute ahoan.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1