Barraskiloak, Gabonetako ahogozoa

Urtero, Gabonak hurbiltzean, Barraskibide ekoizpen-etxeak, Euskadin barraskilo ekologikoak hazten espezializaturiko lehenengo etxaldeak, esku bete lan izaten du, produktu berezi honen kontsumorako une garrantzitsuenetako bat iristen da eta.

“Euskadin barraskiloak jateko bi kanpaina handi izaten dira urtean: Gabonak eta San Prudentzio jaia Gasteizen", diosku Ainhoa Alava ekoizleak, Urduñatik, hantxe baitago Barraskibide.

Haren etxaldea ingurune natural batean dago: hezetasun handiarekin, sarri egiten baitu euria, eta landaretza oparoarekin, gasteropodo honen hazkuntzarik hoberena lortzeko moduan.

Barraskibideko barraskiloek elikadura osasungarria dute, pentsu eta bazka guztiz ekologikoetan oinarritua, eta horrek bere eragina du emaitzan.

“Elikadura ekologikoa duten barraskiloek haragi zuriagoa eta trinkoagoa izaten dute. Geu arduratzen gara gizentzeaz. Barraskilo-kumeak martxoan ekartzen ditugu eta irailera arte hazten ditugu, eta orduan egiten dugu aukeraketa”, azaldu du Alavak.

Alerik onenak hautatu ondoren kontserba-etxera eramaten dira garbiketa sakona egin, egosi eta ontziratzeko.

“Produktu guztiz naturala da. Ura eta gatza baino ez dute, ez kontserbagarririk ez ezelango beste gehigarririk", zehaztu du Ainhoak, egun hauetan eskaerak jaso eta jaso dabilelarik.

Egun hauetan, telefono-dei eta mezu elektroniko pilaz gain, urteko azoka handiaren hitzordurako prestatzen dira Barraskibiden, hilabete honetan Bilbon izango den San Tomas azokarako, alegia.

“Barraskiloa saltzeko azokarik onena izaten da", diosku berak.

Eta era askotara jan daitekeen produktua izan arren, Bizkaiko lurralde historikoan barraskiloa jateko erarik ohikoena bizkaitar saltsarekin izaten da, ia erabateko hegemonia duen modua.

“Katalunian eta beste eskualde batzuetan barraskilo bizia parrillan erreta jaten da, baina hemen batez ere ohiko errezetara jotzen dugu”, esanez amaitu du Ainhoak.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1