Badakizu Eusko Labeldun tomatea bereizten?

Uda-garaia hurbiltzen ari zaigunez, kontsumitzaileak irrikaz daude sasoiko lehen tomateak jaten hasteko. Gozoak, mamitsuak eta beren ohiko kolore gorri biziarekin, oinarrizko elikagaia da, bere ahogozo paregabeak aukerako produktu bihurtzen duelarik errezeta asko egiteko.

Euskal Herriko ortu edo baratzeetan duen protagonismoa eta kontsumitzaileen artean duen arrakasta ukaezinak dira. Eguraldi onaren etorrerarekin, tomatea ugari ikusten da supermerkatuetan, baina zaporeaz eta freskotasunaz gain, produktu hau hainbat etiketarekin etortzen da eta, kalitatea ziurtatu arren eta zenbait baldintza betetzen dituela bermatu arren, ez dugu beti behar bezala interpretatzen jakiten.

Deitura edo izendapen horietako bat Eusko Label da, marka honen zeinu grafikoa Kalitatearen K da eta Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi, eraldatu eta landutako nekazaritzako elikagaiak identifikatzeko erabiltzen da. Gainera, bereizgarri honek kalitate eta berezitasun egiaztatua ziurtatzen du.

Hazi Fundazioak ─nekazaritzako elikagai-sektorearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzeko erakundeak─ arautua,  Eusko Label izendapenean barietate hauetako tomateak sartzen dira: jack, cabrales, ramón, robin, pio eta goloso, eta gordinik kontsumitzen dira.

Eusko Label tomatearen ezaugarri nagusietako bat bere tamaina da; “K” preziatua harro erakusteko, kalibre minimoak 74 milimetrokoa izan behar du aleka saltzeko (67koa azpilerako) eta merkaturatzen denean azukre-kontzentrazioak, Brix gradutan adierazita, 4,5ºkoa baino handiagoa izan behar du. 

Eusko Label gisa ziurtaturiko tomateak betiko tomatearen usain gozoa, kolorea eta zaporea izan behar ditu. Barietate onenen artetik aukeratua eta ingurumenarekiko begirune osoz landua, tomate honek itxura ildaskatua du, kolorea gorri-berdea, erabat mamiz betea dago hutsunerik gabe, eta heldutasun-unerik onenean jasota; horregatik du zapore edo ahogozo bizi eta benetakoa.

Izendapen horrez gain, Euskal Baserria ere badago, eta berme-marka honek, Euskal Herriko frutak eta barazkiak, ortu txiki edo nekazaritza-ustiategietan ekoizlearen aldetik arreta eta zaintza handiz ekoitziak, identifikatzen ditu. Nahiz eta ez egon behartuta Hazik Eusko Label izateko eskatzen dituen baldintzak betetzera, Euskal Baserria tomateek jarraitzen dute ahogozo paregabea izaten.

Eusko Label-dunak baino kalibre txikiagoko produktuak dira, baina hauek ere heldutasun-unerik onenean jasotzen dira, beren ezaugarriak mantentzeko; faktore horregatik, ekoizpenean dagoen hurbiltasunaz eta arduraz gain, zapore eta kalitate handiko fruitua izaten da emaitza, bere jatorriaren berme guztiekin.

Bereizgarri duen etiketa gorabehera, bi tomate motak landare beretik sortzen dira. Berangon dagoen Momoitio baserrian Begoña Lumbrerasek astean hiru egunetan batzen ditu bere ortuko tomateak eta tamainaren eta kolorearen arabera hiru kategoriatan banatzen ditu: Eusko Label, Euskal Baserria eta hirugarren multzoan txikerrenak. 

Hiru kategoriek daukate ohiko tomatearen zaporea, baina Begoñak ziurtatzen duenez, Eusko Label tomatea da zapore gozoxeagoa duena, nahiz eta kasu batzuetan aldea edo diferentzia ia sumaezina izan aho-sabaiarentzat.

Dagoeneko gutxi falta da gure etxeetan aurtengo tomateez gozatzeko. Lumbrerasek dio aurten, 2017an, uzta iaz baino lehenago etorriko dela, eguraldi paregabea ari gara izaten eta. “Oraintxe bertan landarea zoragarri dago eta landareetan aletxoak ezin ederrago" dio Begoñak.

Pixkanaka, ekoizle honek ikusten du bere tomateak forma hartuz doazela eta gogortasunean eta zaporean hobetuz, laster ahosabaiak konkistatzeko prest. Entsaladan, non fruituak bere protagonismo nagusia duen, ontziratuta edo enpanadarako oinarri gisa, tomatea ezinbestekoa izango da udako errezetetan.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1