- Blog
- Sasoian Sasoikoa
- Azak, kalitate osasungarria urte osoan
Azak, kalitate osasungarria urte osoan
Ahogozo eta lurrin biziaz, azek kontsumitzaile ugari dituzte, baina aurkakoren bat edo beste ere badute. Egia esateko, nutrizio-propietate askoko ortuaria da, gure osasuna jagon edo zaintzeko elikagai egokia.
Aza gorria, azalorea, bruselaza, aza zuria edo brokolia dira ortuari multzo zabal hau osatzen duten aldaera ugarietako batzuk. Azak urte osoan landatu daitezke, aldaeraren arabera, baina egia da ez dituztela bero handiegiak maite, eta bai ordea udazkeneko, edota neguko, hotzak.
Ezaugarri horiengatik aza Bizkaiko baserritarren ortuetan ohiko ortuaria da hotza nagusitzen den garaian. Gainera, erraz landatzeko moduko ortuaria da. “Esker oneko landarea da, polita izateaz gain”, azaldu du Begoña Lumbrerasek, Momoitio baserrikoak (Berango).
Ekoizle honek azaldu duenez, Euskal Herrian landaturiko azak oso ezberdinak dira beste eskualde batzuetakoen aldean. “Beste ahogozo eta testura bat dute, eta Euskal Herriko klimak laguntzen du horretan”, ziurtatu du.
Batzuek, batez ere txikienek, atsegin ez badute ere, ongi saltzen den ortuaria da tokian tokiko azoketan; Begoñak 2016ko abuztuan landatu zituen azak, abenduan batu zituen eta joan den urtarrilaren 18an, Mungiako San Antontxu azokan, uztaren zati handi bat saldu zuen. “12 kilo aza eraman nituen, eta etxera 2,5 ekarri nituen bueltan”, azaldu du Begoñak.
Bere hainbat aldaera edo barietatetan, nutrizio-propietateak eta diuretikoak ditu azak. Aberatsa da mineral eta bitaminetan (adibidez, C bitaminan…), zuntza du eta kaloria gutxi; horregatik, elikagai ezin hobea da argaltzeko eta garbitzeko dietetan.
Bere ahogozo eta lurrin berezia konposatu sulfuratu asko dituelako da. Aza-hostoek erabilera terapeutikoak ere badituzte larruazaleko arazoak sendatzeko: ekzemak, garau zornatsuak, erlakizten edo zaldarrak.
Esker oneko ortuaria da sukaldean, gordinik nahiz kuzinaturik jan daiteke-eta. Normalean krema, entsalada edo, beste barik, egosita jaten da, olio errea botata. Begoñak zuku guztia ateratzen dio gisatu legez atonduta. “Patatekin eta urdaiazpiko eta txorizo zatitxoekin prestatzen dut, eta jaki berezi eta gozo-gozoa izaten da”, dio Begoña Lumbrerasek.
06/02/2017 Kategoriak: Sasoian Sasoikoa Etiketak: Hortalizas