Piperrada berdea

Osagaiak (hiru poto txiki edo handi baterako):

  • 6 dozena piper berde Gernikakoak
  • Tipula bat
  • Tipulin bat
  • 150 ml (gutxi g.b.) oliba-olio birjina estra
  • Gatza (aukerakoa)

Egiteko era:

1. Tipula eta tipulina zuritu eta xerra mehetan ebaki (gutxi gorabehera zentimetro erdikoak).

2. Piperrak prestatu, kirtena eta haziak kendu, eta zati handitan ebaki.

3. Zartaginean oliba-olioa berotu su ertain-bizitan (1-10 eskalan 8an) eta erantsi tipula eta tipulina. Utzi bi aldeetatik gorritzen eta bitsaderaz plater batera atera, olioa zartaginera isuraraziz.

4. Olioa bero dagoela, bota piperrak zartaginera. Bizitu sua (1-10 eskalan 9an) eta laga minutu batzuk egiten, baina guztiz bigundu barik; kendu sutatik kolore berde bizia dutenean, eta piper-zati bati haginka egitean “al dente” egon behar du.

5. Kopuru honetarako, zartaginaren tamainaren arabera, hainbat txandatan egin beharko dira piperrak. Joan piperrak platerera ateratzen tipularekin, nahastu eta epeltzen laga. Hondar-beroaz ondo eginda geratuko dira. Erantsi gatza eta nahastu, edo jan aurretik bota, gura legez.

6. Momentuan jan gura badira, olioa kendu piperrei eta epel daudela atera.

Piperrada berdea kontserbatzeko gomendioak

  • Piperrada kontserbatzeko, hoztuta dagoenean sartu aurrez esterilizatutako beirazko ontzietan, soberako olioaz edo, behar baldin bada, apur bat gehiagoz, bete ontzia piperrak estalita geratu arte. Kontserba hori ez bada ondorengo egunetan zabaldu gura eta luzaroago gorde gura bada, barruko aire-burbuila guztiak kentzen saiatzea komeni da. Jarraian estali aurrez esterilizatutako estalkiaz eta tapari bira emanez zerratu eta ongi zigilatu. Argitik babestuta gorde.
     
  • Oliotako kontserbek hiru urtera arte iraun dezakete. Hala ere, oso kontuz ibili behar da esterilizatze eta zigilatzerakoan, eta eskarmentu apur bat izatea komeni da prozesua bizkor eta era fidagarrian egiteko. Ontzia zabaldu ostean, astebete dago kontsumitzeko, hozkailuan gordetzen bada.
     
  • Piperrada luzaro kontserbatzeko era praktiko eta segurua izoztu edo jelatzea da. Izozteko poltsak erabil daitezke eta piperrada anoatan gorde. Leku gutxi hartzen dute eta desizozteko aski izango da poltsak izozkailutik ateratzea kontsumitu baino ordu batzuk lehenago. Lasterrago desizozteko, sartu poltsa ur berotan minutu batzuetan. Sei hilabeteko epean kontsumitu daiteke.
     
  • ​Edozelan ere, piperrada zein egunetan egin den ontzian edo izozteko poltsan idaztea komeni da.

Onurak eta iradokizunak

Piperradaren onura nagusia bere benetako zaporea eta testura gordetzea da, eta ohiko eran frijitzeko behar den olioaren erdia baino ez da erabiltzen. 

Asko samar egin daiteke kolpe batean eta gero pixkanaka joan kontsumituz.

Konbinazioak mugagabeak dira eta edozein plater alaitzen dute. Hona hemen iradokizun batzuk:

 

Because Blog-aren eskutik

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1