Kuiatxoak hegaluzez beteak
Barazkiak itsasoko onenarekin batera jateko era paregabea, dibertigarria eta osasungarria. Gainera, hotza zein beroa jan daiteke.
Osagaiak:
- 4 kuiatxo edo kalabazin
- hegaluze ontzi bat
- arrautza bat
- tipula gorri erdia
- Ogi birrindu edo arraspatua
- 30 gr. Idiazabal gazta
- 3 koilarakada oliba-olio birjina estra
- 2 antxoa
- Gatza
- Piperbeltza
Egiteko modua:
- Garbitu kuiatxoak eta moztu xerra luze eta finetan. Bereizi 20 xerra, eta gainerakoa gorde, betegarri legez erabiltzeko.
- Berotu koilarakada bat olio zartaginean, erantsi kuiatxo txikitua, tipula xerra finetan ebakia eta antxoak. Laga su eztitan osagaiak maskaldu arte. Zartaginetik atera eta laga epeltzen.
- Irabiatu arrautza hegaluzearekin eta Idiazabal gaztarekin batera, krema leun bat lortu arte. Erantsi kuiatxoen nahastura epela eta eragin ondo.
- Nahastura horretatik ipini koilarakadatxo bat aldez aurretik gordetako kuiatxo-xerra bakoitzaren muturrean. Bildu eta joan laberako azpil batean ipintzen (koipeztatu azpila bilkariak ipini baino lehen).
- Bilkariei bota gainetik ogi birrindua, koilarakada bat oliba-olio birjina estra, gatza eta piperrautsa. Eduki labean 200°C-tan 20 minutuz.
Laiene Jatetxearen errezeta
11/07/2016 Kategoriak: Errezetak Etiketak: Hortalizas