Idiazabal cheesecake mailuki-konpota eta limoncello-arekin, labea piztu barik
Osagaiak (200 ml-ko 4 edalontzi txiki betetzeko):
Oinarria egiteko:
- 100 gr gaileta, Digestive motakoak
- 30 gr intxaur edo hur
- 30 gr azukre zuri
- 25 gr gurin urtu
Idiazabal gazta-krema egiteko
- 250 gr Pagobieta Idiazabal gazta
- 150 ml esnegain lodia sukaldaritzarako (%18 koipekia)
- 100 ml esnegain (%35 koipekia)
Mailuki-konpota egiteko limoncelloarekin
- 400 gr mailuki garbi txortenik gabe eta laurdenkatuta **
- 2 koilarakada limoncello
- 2 koilarakada ozpin baltsamiko
- Koilarakada bat azukre zuri
- Limoi ezkai hosto batzuk
** Mailukien ordez gereziak edo beste fruitu gorri batzuk ere erabil daitezke.
Egiteko modua:
Oinarria:
1. Birrindu gailetak fruitu lehor eta azukrearekin apurrak lortu arte.
2. Erantsi gurina eta hezetu harekin nahastura guztia. Gorde.
Idiazabal krema:
1. Kendu Pagobieta Idiazabal gaztari azala eta arraspatu arraspagailu larriz.
2. Bota gazta arraspatua esnegainekin eltze kirtendun batera eta ipini su ertainean, dena urtu eta krema jariakor bat sortu arte.
3. Sutatik kendu eta utzi hozten eta gorpuzten.
Mailuki-konpota limoncelloarekin
1. Garbitu mailukiak eta kendu txortena, moztu laurdenetan eta nahastu eltze kirtendun batean azukre, limoncello eta ozpin baltsamikoarekin.
2. Ipini su bizitan irakiten hasi arte.
3. Moteldu sua eta utzi beste 8 minutu.
4. Kendu sutatik eta erantsi limoi ezkai hosto batzuk.
5. Eraman kristalezko ontzi batera, baina ez estali hoztu arte. Giro-tenperaturan dagoenean, estali eta eraman hozkailura. Gorde.
Muntatzea:
1. Hartu 4 edalontzi txiki esterilizatu 200-250 ml inguruko edukierakoak.
2. Ipini 2 koilarakada gaileta-apur.
3. Erantsi 3 koilarakada Idiazabal krema hotz edo giro-tenperaturan.
4. Estali mailuki-konpotaz limoncelloarekin.
5. Atera mahaira mailuki fresko, gaileta-ziri batzuekin eta gaileta-apur gehiagoz hautseztatuta. Idiazabal gaztaren zaporearen, gailetaren gozotasunaren eta mailukiaren garraztasun arinaren arteko kontrasteagatik… ezin laga jan barik!
6. Ez bada berehala atera gura mahaira, estali eta hozkailura eroan. Ongi kontserbatzen da 2-3 egun.
Aholkuak:
- Postre hau egiteko, aukeran hobe Idiazabal gazta naturala erabiltzea, adibidez Pagobieta Idiazabal gazta, eta ez ketua.
- Idiazabal krema epeltzen lagatzea komeni da, sendotzeko.
- Mailuki-konpota ez da adierazitakoa baino denbora gehiago egin behar, mailukiek beren forma eta kolorea gorde dezaten. Ongi kontserbatzen da 3-4 egun ontzi esterilizatuan hozkailuan.
- Mailuki-konpota limoncelloarekin erabili ordez, Santa Klara baserriko konpota bat ere erabil daiteke, natural eta ekologikoak dira eta.
- Cheesecake bertsioa edalontzi txikietan aukerakoa da, postre hau bakoitzari ateratzeko era dotorean.
- Bertsio honek azkar eta oso erraz konpontzen du konpromisozko bazkari baten azken buruko edo postrea, eta labea piztu barik, gainera.
Sweet & Sour blogaren eskutik