Gure orburuak Bermeoko txirlekin

Hemen duzue errezeta osoa orburu gozo-gozoak prestatzeko txirlekin; minutu gutxi behar dira prestatzeko eta gonbidatuak txundituta lagako dituzu errezeta honekin.
 

Osagaiak: (4 pax-entzat)

  • Orburuak 20 edo 22
  • Bi berakatz edo baratxuri ale
  • Koilara bat irin
  • Kopatxo bat ardo zuri
  • Kilo erdi txirla fresko
  • Oliba-olio birjina
  • Litro bat ur

Egitea:
Berakatz edo baratxuriak zuritu eta ondo txikitu, olio-zurrusta on bat lurrezko kazolara bota eta su txikian berotzen jarri. Kazolara berakatza bota arin frijituz joateko, kaiena-hauts pitin batekin, etxean baldin badugu. Kaiena edo piperbeltz gorriak datorren herritik hartzen du izena, Guyana Frantseseko Cayenne izeneko herritik. Piperbeltz hau, beste guztiak bezalaxe, aji edo txile piperra ehota sortzen den hautsa da; aji denez, beti da apur bat mina. Berakatzak kolore ona hartzen duenean, koilara bete irin bota behar da kazolara eta segundo batzuetan ondo eragin saltsa lodituz joan dadin su txikian.
Ondoren, bota ardo zuria eta alkohola urritu arte sutan eduki minutu pare batez, ardoaren zapore guztia hartzeko baina alkohol kopuru handia saihestuz gure otorduan. Teknika hau oso erabilia da sukaldean edari alkoholdunen bat (ardo, ron edo whiskya) erabiltzen dugunean, eta, jakina, are gomendagarriagoa da umeek jar behar badute prestaturikoa. Hori gertatzen denean baso bat ur bota kazolara eta sua bizituko dugu apur bat irakin dezan. Gero bota txirlak eta perrexil xehatu apur bat, txirlak sutan laga guztiz ireki arte eta orduan kazolatik atera.

Txirlak irekita daudenean eta kazolatik ateratzen ditugunean, orduan orburuak bota saltsara eta su ertainean utzi orburuak egin daitezen. Errezeta honetan orburuak txirla gozoekin jarri ditugu, molusku hauek itsasoko eta ibai batzuetako hondarpe eta lohipean egoten direlarik.  Txirla barietate asko daude, bakoitza bere propietateekin, baina guztien ezaugarria da jateko sutan egosi beharra ireki daitezen. Beharrezkoa dela uste baduzu edo zuri horrela gustatzen bazaizu, bota beste perrexil apur bat zapore gehixeago izateko.
Orburuak bigunduta daudela ikusten duzunean, sua moteldu eta berriro kazolara bota txirlak. Pixka batean eragin zaporeak ondo nahasteko eta, gura baduzu, erantsi beste gatz eta perrexil apur bat; azken osagai hau oso erabilia da plater askotan, bereziki txirlak bezalako itsaski eta arrainak prestatzen direnean. Perrexila botatzeko fin-fin xehatu edo birrindu behar da kazolara bota aurretik. Kazola sutatik kendu eta oliba-olio zurrustatxo bat erantsi gainetik. Orburu hauek txirlekin bero-bero atera kazolan bertan.

 

Bizkaiko sasoiko produktuen errezetak
Laiene Jatetxea (Patxi Rincón)

 

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1