Espagetiak tomate, antxoa eta olibekin
4 pertsonarentzako osagaiak:
- 400 gr espageti fresko edo siku
- tipula bat
- Urdaibaiko antxoa xukatuak, 2 ontzi
- 4 tomate heldu frijitzeko
- 50 gr oliba beltz hezur barik
- gatza, piperrautsa, oliba-olioa, perrexila
Prestaketa (egiteko denbora: 20 minutu)
Berotu kazola edo zartagin ertain/handi bat oliba-olioarekin. (Zalantza barik, erabili antxoa-ontzietako oliba-olioa).
Bota tipula mehe-mehe txikituta. Laga su eztian frijitzen. Gardentzen hasten denean, erantsi antxoen erdiak. Mugitu apur bat antxoak desegin eta ore mehe bat osa dezaten.
Erantsi tomateak, aldez aurretik zuritu eta moztuta, eta mantendu sutan 10 bat minutu edo tomateak egin arte.
Zapaldu apur bat zurezko sardexkaz saltsa loditzeko. Gatz-piperrez ondu aurretik, gatza zelan duen ikusi. Erantsi olibak ebakita eta perrexil apur bat txiki-txiki eginda.
Bitartean, lapikoan ura irakiten jarri behar dugu. Ura irakiten hasten denean, bota gatza (arrasean betetako bi koilara) eta espagetiak.
Espagetiak xukatu eta bota bol edo azpilera. Erantsi oliba-olio birjina estraren zurrusta bat saltsari, bota pastari eta ondo nahastu baina kontuz, eta ipini gainetik beste antxoak. Gura baduzu, perrexil xehatu apur bat bota guztiaren gainetik.
Laiene Jatetxea (Patxi Rincon)