Barazki eta ortuari erreen tinbala

Barazkiak plantxan udan gehien prestatzen dudan jakietako bat da. Baserritarren ortuak unerik onenean egoten dira: azenarioak, uraza edo letxugak, kuiatxoak, patatak, azak, lekak, piperrak, tomateak, tipulak… Goizean jaso eta eguerdian kuzinaturiko ortuarien zaporea ikaragarria da, eta plantxan edo wok-en prestatzen baditugu, ia zapore guztia gordetzen dute. Bizkaira etortzen bazarete, baserritarrei ortuko produkturen bat erosi barik ez joateko aholkua ematen dizuet, biok eskertuko duzue-eta. Gogoratu garrantzitsua dela sasoiko produktuak erabiltzea, aurreztu eta apur bat hobeto jateko.

 

Osagaiak:

  • 150 ml oliba-olio birjina estra
  • 2 kg askotariko barazki freskoak, ortukoak edo azokakoak (zaporedunak): berenjena edo alberjinia erdi bat, kuiatxo bat, tomate handi bat, 2 piper gorri, 2 piper berde, tipula bat eta 8 gari-zainzuri. Barazki gehiago erantsi gura baduzue, hori zeuen esku; era berean, nik erabilitako zerbait gogoko ez baduzue, baztertu eta kito.
  • 2 patata handi
  • Gatza eta piperbeltz beltza, eho berria (norberaren gustura)
  • Maldon gatza (malutak)
  • Saltsa berezia: 50 ml oliba-olio birjina estra, 2 berakatz-ale, 2 ogi-xerra, koilarakadatxo erdi bat ehotako kuminoa, 3 koilarakada tomate-saltsa frijitua, piper erdia, koilarakada erdi Verako piperrautsa, gatz apur bat eta koilarakada bat ezti.

Lehenengo pausuak:

  1. Ondo garbitu barazkiak (ortutik datozenez, lur-hondarrak izaten dituzte-eta). Kuzinatuko dugun ortuari-pieza bakoitza lehortu. Eta ondo zorrozturiko labana beharko dugu, barazkiak apurtu ez daitezen.
  2. Patatak zuritu barik gopor batean ipini eta mikrouhin-labera sartu hamar minutuz. Patatak mikrouhin-labean dauden bitartean, ebaki barazki guztiak.
  3. Alberjiniari muturrak kendu eta zentimetro erdiko xerratan ebaki. Gatz apur bat bota eta platerean laga 15 minutuz mingostasuna kanporatzeko. Gero ur hotzetan pasa gehiegizko gatza kentzeko.
  4. Kuiatxoei muturrak kendu eta zentimetro erdiko xerratan ebaki. Era berean, piperrak (gorriak eta berdeak) moztu zerrenda berdintsutan eta kendu piper gorriaren mami zuria eta bien haziak. Gorde.
  5. Zainzurien muturrak ere ebaki, egurkara eta gogortzen hasten den lekutik. Ahal baduzue, guztiak tamaina berekoak laga, azken aurkezpena politago geratzeko.
  6. Tomatea cm bateko xerratan ebaki gutxi gorabehera, eta honela ez zaigu apurtuko plantxan kuzinatzerakoan. Azkenik, tipula xerra mehetan ebaki, plantxan ondo egiteko.
  7. Patatak atera eta azala kendu. Xaflatan ebaki eta gorde azken muntaketa egiteko.
  8. Barazkiak ebakitzen amaitu ahala, gopor handi batean ipini eta oliba-olio birjina estra, gatz apur bat eta piperbeltz beltz eho berria bota. Barazkiak olioarekin nahastu, eskuekin eraginez.

Barazkiak erretzea:

  1. Burdinurtuzko parrilla ondulatua, sukaldeko plantxa edo zartagin ez itsaskor handi bat berotu su bizitan. Pintzel batez olio pixka bat igurtzi plantxan eta ipini barazkiak, elkarren gainean jarri barik, txandaka. Barazkiak irentsi ez daitezen, oso garrantzitsua da plantxa bero-bero egotea.
  2. Erre alde batetik su ertainetan biguntzen hasi arte eta gorritutakoan bira eman espatulaz. Prozesu honek ez du 10 minutu baino gehiago behar txanda bakoitzeko. Barrutik azkar egingo dira, eta barazkiak urtsu geratuko dira baina desegin barik. Ezin hobeto

Barazkientzako saltsa berezia prestatzea:

  1. Barazkiak egiten ditugun bitartean, saltsa egingo dugu laguntzeko. Berakatz-aleak azal eta guzti frijitu oliba-olio birjina estra onaz. Gorritzen direnean, oliotatik atera eta azala kenduko diegu. Saltsa egiteko gorde.
  2. Berakatzen olio berean, ogia botako dugu zati txikitan gorritu arte. Ogia erretiratu eta berakatzekin laga.
  3. Gopor batean (irabiagailuarena erabiltzen dut nik) berakatzen soberako olioa eta ogi frijitua ipini. Erantsi ehotako kuminoa, piperrautsa eta gatza. Ur pixka bat bota eta dena irabiatu purearen antzeko orea egin arte.
  4. Piperra garbitu eta olio, ezti eta tomate-saltsarekin batera jarri aurreko ontzian. Dena irabiagailutik pasa. Saltsa dastatu eta, behar bada, zuzendu. Eta prest dago! Ezagutzen dudan saltsarik onenetakoa da, ikaragarria plantxan egindako barazki hauekin hartzeko. Gorde.

Tinbalaren azken prestaketa eta muntaketa:

  1. Uztai metaliko batekin muntatuko dugu. Hasteko, tipula-geruza, gero alberjinia, tomatea, kuiatxo-xerrak, piperrak eta gainean patata-zati errea.
  2. Ondoan zainzuri batzuk eta koilarakada handi bat saltsa berezitik.
  3. Moldea kendu eta piperbeltz beltz apur bat, eho berria, eta maldon gatz-maluta batzuk bota gainetik. Berehala atera barazkiak bero-bero irits daitezen mahaira, beren zuku, zapore eta bitaminak galdu barik.

 

Laiene Jatetxea-ren eskutik

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1