Azenario eta intxaur tarta

Azenario-tarta oso tarta berezia da, oinarrizko osagaia ortuari bat baita, azenarioa, eta horregatik oso tarta osasungarria da eta aldi berean gozoa.
Tarta gozo eta ikusgarria denez, modurik onena da etxeko txikienek azenarioa jateko eta jaten duten bitartean gozatzeko; beraz, ziur interesatuko zaizuela prestatzen ikastea.

Oinarria egiteko osagaiak:

  • 200 gramo irin (gozogintzakoa)
  • 450 gramo azukre
  • 200 ml oliba-olio
  • 225 gramo azenario birrindu
  • 100 ml laranja- edo sagar-zuku
  • zorrotxo bat legamia
  • koilaratxo bat gatz
  • koilaratxo bat kanela-hauts
  • koilara bat bikarbonato
  • 4 arrautza L tamainakoak

Krema egiteko osagaiak:

  • 400 gramo krema gazta
  • 175 gramo azukre
  • Intxaurrak zatituta

Egitea:

Hasteko, gure azenario-tarta egiteko erabiliko dugun moldea prestatuko dugu. Guk molde biribila erabiltzen dugu, desmoldagarria, 24 zentimetro ingurukoa, tarta handia egiteko. Moldearen alboak eta oinarria gurinez edo margarinaz igurtzi behar dira, eta gero irineztatu, tarta erantsi ez dadin. Moldea prestatu ostean, labea piztu 180ºC-tan berotuz joan dadin, beroa goian eta behean aktibatuta duela.

Eta aurrez prestalan hauek egin eta gero, azenario-tarta prestatzeari ekingo diogu. Garbitu eta zuritu azenarioak, birrindu osagaietan adierazitako kopurua, eta gorde gerorako. Bestalde, bahetu irina eta legamia, izan ditzakeen pikorrak eta zikinak kentzeko.

Ontzi zabal batean nahastu irina eta legamia galbahetuta, gatza, azukrea, kanela-hautsa eta bikarbonatoa, eta eragin, osagai guztiak ondo nahasteko. Bestalde, beste ontzi batean, irabiatu arrautzak. Irabiatzeko moduko ontzi zabal batean ipini arrautza eta olioa, eta irabiatu apur bat, eta gero zoaz pixkanaka osagai lehorrak eransten, irabiagailuan hagaxka batzuk erabiliz dena ondo integratuz joateko. Egizu pixkanaka amaitu arte. Eta azkenean laranja- edo sagar-zukua eta azenario birrinduak erantsi, eta berriro ondo nahastu dena.

Lorturiko ore horrek homogeneoa eta pikorrik gabea izan behar du, aurrez prestaturiko moldera bota, eta berehala labera sartuko dugu tenperatura berean 45-50 minutuz. Labetik atera aurretik, egiaztatu barrutik ondo egina dagoela, adibidez, aiztoa sartuta; atera eta garbi-garbi geratu behar du aiztoak, bestela laga labean minutu batzuk gehiago. Prest dagoenean, atera labetik eta utzi hozten giro-tenperaturan.

Gure azenario-tartaren oinarria labean dagoen bitartean, krema prestatuko dugu gainaldea apaintzeko. Irabiagailuaren ontzian gazta krematsua eta aurrez gordetako 175 gramo azukre ipiniko ditugu. Irabiatu hagaxkekin krema zurixka trinko samarra eratu arte. Gura baduzu, erantsi laranja-birrindura zapore gehixeago emateko. Amaitzen duzunean, sartu krema hozkailuan erabiltzeko ordura arte, horrela gehiago trinkotuko da.

Oinarria ondo hozturik eta berarekin beharrean hasteko moduan dagoenean, kremaz apainduko dugu. Bi aukera daude: lehenengoa, oinarria erditik moztea eta erdiko aldea kremaz igurztea, gero beste erdia gainean jarri eta hau berriro gainetik apaintzea; edo bestela, oinarria moztu gabe, gainaldea zuzenean kremaz apaintzea. Tarta oso lodia egiten baduzu, interesgarria da lehenengo aukera erabiltzea, baina mehe samarra ateratzen bazaizu, orduan hobe duzu bigarren aukera. Amaitzeko, apaindu gainetik, bi kasuetan, intxaur zatiekin.

Eta azenario-tarta tradizionala prest duzu ateratzeko! Gorde ezazu hozkailuan beti tenperatura onean izateko eta hobeto iraunarazteko.

 

Bizkaiko sasoiko produktuen errezetak
Laiene Jatetxea (Patxi Rincón)

 

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1