- Blog
- BBK Esperientziak
- Txakolinaren Egunean ardo hauen bikaintasuna ospatu da
Txakolinaren Egunean ardo hauen bikaintasuna ospatu da
Bikaintasuna eta benetakotasuna izan ziren Bizkaiko Txakolinaren Eguneko protagonistak, azken urteko txakolina aurkezteko urteroko ohiko festan. Joan zen apirilaren 5ean izan zen Bilboko Kafe Antzokian aurkezpen-jardunaldia, eta bertan bildutakoek aukera izan zuten egiaztatzeko Bizkaiko txakolindegi-jabeen eta ekoizleen kalitatea eta egikera ona.
Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko lehendakariak, Iñaki Aretxabaletak, agur esateko ere balio izan zuen ekitaldiak, eta Bizkaiko Txakolinaren benetakotasuna bermatzeko erakundeak egindako lana nabarmendu zuen. Halaber, jardunaldian izan ziren Peli Manterola, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industrien zuzendaria, eta Elena Unzueta, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Natura Inguruneko foru-diputatua, besteak beste.
2016. urteko Bizkaiko Txakolinaren kortxo-kentze eta dastatzea Euskadiko Sommelieren Elkarteak hautaturiko hiru sommelier edo ardozainek egin zuten: azken urteko produktua dastatu zuten eta jakinarazpen batean honela deskribatu zuten txakolin berria: "ardo dotore, distiratsu eta garbia, fruta- eta belar-lurrinak dituena, bere nortasunaren ezaugarri den azidotasun atseginarekin“.
Berriro ere bere kalitatea eta berezitasuna mantentzen dituen ardoa. “Geroz eta mahats hobea dugu, adituagoak gara, eskarmentu handiagokoak, eta horregatik ari gara kalitate bikaineko txakolina egiten; aurten, aurrekoan baino lasto-tonu hori bizixeagoaz", azaldu du Jose Luis Gomez Kerejetak, Elorrioko Mendraka txakolinaren ekoizleak.
Festan iragarri legez, nesken Athletic-eko jokalariak eta Eva Mena hiri-artista bilbotarra izango dira aurten ardo berriaren enbaxadore ofizialak.
Gainera, Lapazaran txakolina, Muxikako Lapazaran upategikoa, eta Mendiolagan txakolina, Orozkoko Bizkaibarne upategikoa, aukeratu dituzte 2017ko erakunde-txakolinak izateko. Ardo hauek izango dira Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturak parte hartzen duen ekitaldietan erabiliko direnak.
Madera eta Señores taldeen zuzeneko musikak eta txakolinaren doako dastapenak osatu zuten jaieguna, Bizkaiko txakolinaren urteko ardo berria ospatzeko iaz sortu zen BTx FEST musika-ekitaldiaren bigarren edizioarekin.
07/04/2017 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Txakoli