Santo Tomas, historia luzeko azoka

Abenduaren 21ean, urtero bezala, Bilboko Areatza eta Plaza Barria jendez beteko dira, denak ere Santo Tomaseko Azokako jai-giroaz gozatzera joandakoak. Hainbat hamarkadatatik hona egiten duten moduan, Bizkaiko ekoizleak eta baserritarrak bertan elkartuko dira, euren produkturik onenak erakusteko hango jendetzari, eta, modu horretan, landa-giroko eta hiriko munduen arteko zubiak eraikitzeko.

Tradizio hau XIX. mendekoa dugu, gutxienez. Garai hartan, baserritarrak hiriburura joaten ziren, urteko errentak ordaintzera euren baserrien jabeei; izan ere, horietako gehienak Bilbon bizi ziren. Kontuan izanik Gabonak gertu zeudela, diruz ordaindu beharrekoaz gainera, maizterrek euren ortu eta oilategietako produkturik onenetako batzuk oparitzen zizkieten etxe-jabeei, txerrikiak ahaztu gabe.

Bilbora egin beharreko bidaia aprobetxatuz, emakume baserritarrek barazkiak, arrautzak, kapoiak, oilarrak... saltzen zituzten, eta, horrela, hiribilduko bizilagunak jakiz hornitzen zituzten, Gabonetako ospakizunei begira. Lortutako irabaziekin, bakailao erosten ohi zuten, eta, diru apur bat sobratzen bazen, turroi eta mazapanen bat ere bai, etxeko umeentzat.

Salmenta horiek Plaza Nagusian egiten ziren (gaur egungo Erriberako Merkatuan, alegia), harik eta, 1915ean, Félix García Arzeluz (1869-1920) idazle kostunbrista bilbotarrak Plaza Barrian erakusketa-azoka bat antolatzea erabaki zuen arte.

1945etik, Bizkaiko Aurrezki Kutxa (oraingo BBK erakundearen aurrekaria) arduratu zen azoka antolatu eta babesteaz, eta, gaur egun BBK-k jarraitzen du ekimenaren buruan. Denboraren joanarekin, Azoka bilakatuz joan da, eta erakusketa-gunea Areatzara ere zabaldu da. Gaur egun, sariak ematen zaizkie produkturik onenei, zenbait ataletan banatuta: barazkiak, frutak, gazta, eztia, sagardoa, txakolina...

Azoka honetako protagonistak bertatik bertara ezagutu ahal izateko, Getxora hurbildu gara, Larrañazubi auzoko Juan Antonio Zabalaren etxera; eta bestetik Arrietara jo dugu, Biortzatxu baserrira, hantxe bizi baita Iker Villasana.

Juan Antoniok etxe inguruko lurretan libre dabiltzan hegaztiz inguraturik hartu gaitu. Bilboko Santo Tomasetara asko ibilita dago Juan Antonio, hogeita hiru urte zituela hasi zen amarekin joaten. Ama Portugalete eta Plentziako plazetara ere joaten zen. Harrezkero, berrogei urtez, falta barik parte hartu izan du. Juan Antoniok berak esan digunez: “Santo Tomas azoka izan da, da, eta izango da niretzat urte guztiko garrantzitsuena”.

Lehenengo urteetan bendeja, soloko jeneroa, eramaten zuten: indabak, porruak, azak, koliflorak, piper sikuak, tipula gorria, arrautzak... Behin baino gehiagotan, barazkien kategorian, lehenengo saria lortutakoak dira. Gero oilarrak eta kapoiak saltzen hasi ziren. Aldi batean etxe askotan jaten zituzten hegaztiok Gabonetako ospakizunetan. 

Gaur egun bera da animalia biziak erakusten dituen bakarra. Bere postuan untxiak, oiloak, oilarrak, kapoiak, antzarak eta usoak ikusi litezke. Baina berak dioenez, orain ez dago era horretako jakiak prestatzeko ohiturarik. Betiko bezeroak galtzen joan dira eta kontsumitzaile gazteen artean ez dago horretarako joerarik, horregatik azken urteetan salmentak asko gutxitu dira. Hala eta guztiz, eta bere lana oso neketsua izan arren —urte osoan egun bat bera ere ezin du libratu—, Juan Antoniok, lanean jarraitzeko indarra duen bitartean, azokara joateko asmoa erakutsi digu.

Bestelako kasua da Arrietan bizi den Iker Villasana bilbotarrarena. Bera, aurten, hirugarrenez joango da Santo Tomas azokara.

Baserritar gazte honi txikitatik gustatu izan zaio nekazaritza. Orain dela lau urte, gurasoek zuten autoeskola utzi eta laborantza ekologikoa lanbidetzat hartzea erabaki zuen. Biortzatxu baserrian, bai soroetan eta bai negutegietan, hektarea bi inguru lurra lantzen du. Bertan era askotako ortuari eta barazkiak ekoizten ditu. Eurekin kontsumo talde txiki bat eta Guggenheimeko Nerua jatetxea hornitzen ditu. Horrez gainera jeneroa Arrietako eta Bilboko Plaza Barriko azoketan ere saltzen du.

Ikerren soroa berezia da lantzen dituen landareen komenentziagatik. Euretako batzuk ezagunak eta jendeak erosten dituenetakoak dira. Beste batzuk, ostera, urruneko lurraldeetatik ekarritakoak dira (Txina eta Japoniatik batez ere), eta gehienoi ezezagunak egiten zaizkigu. Puntako sukaldarientzat, berriz, eguneroko gaiak dira eta euren lanean plater exotikoak sortzeko asko erabiltzen dituzte.

Izan dezagula urte askotan Juan eta Iker Santo Tomas merkatuan ikusteko aukera! 

 

Akaitze Kamiruaga-ren artikulua

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1