entro pro

San Jurgi, artoak ereiteko goizegi; san Markos, artoak ereinda balegoz - BBK Azoka

San Jurgi, artoak ereiteko goizegi; san Markos, artoak ereinda balegoz

Nekazaritza lanei dagokienez, esaera ugari ditugu euskaraz, artoa apirilean erein behar dela gogorarazten digutenak. Adibidez, San Jurgi, artoak ereiteko goizegi; san Markos, artoak ereinda balegoz. Edo beste hau: San Markos astea, atzekoa baino aurrekoa artoa ereiteko hobea.

Artoa gure herrian guztiz sustraitutako landarea bada ere, jatorriz Ameriketakoa da. Badirudi XVI. menderako lantzen hasi zela gure artean, baina zabalkundea geroagokoa da, XVII. mendean hasi eta XVIIIenean guztiz orokorra zen, indar handiz gainera, artatxikiaren kaltean.

Ameriketatik ekarritako artoari, gaztelaniaz mijo mayor, mijo de las Indias edo maíz esaten zitzaion. Euskaraz arto handia geratu zen Ameriketakoa izendatzeko, artatxikia bertako ale txikiagoarentzat utzita.

Artoa isurialde atlantikoko nekazaritzan iraultza bat izan zen: beste ale batzuk baino hobeto egokitzen zen bertako eguraldiaren baldintza hezeetara; etekina gariarena baino bi edo hiru aldiz handiagoa zen; lurra askoz ere gutxiago agortzen zuen eta gainera erabilera bikoitza zuen, bai ganaduentzat eta bai pertsonentzat. Horrez gainera txortenak eta orriak hainbat gauzatarako erabiltzen ziren (erregai modura, koltxoiak betetzeko...).

Arto-irina oso egokia zen ogiak, euskaraz artoak esaten zaienak, morokila eta taloak egiteko. Taloa orain hamarkada batzuk, oinarrizko elikagaia zen gure etxeetan; gaur egun, ostera, ohikoa da azoka eta merkatuetan. Elikagai sendoa izanik, urdai eta beste jenero batzuekin nahastean, ikazkin, egurgile, nekazari eta beste askoren jatekoa izan da, lan gogorrari aurre egiteko lagungarri.  

Udaberrian ereiten da, apirilean eta maiatzean; orokorrean naboa batu den lurretan. Indabarekin batera ereiten da, horrela indabaren landarea artoaren zurtoinera kiribilduta hazten delako.

Artoaren zikloa urrian eta azaroan amaitzen da, artaburuak batu eta sikatu daitezen, hilabete batzuetarako ganbaran gordetzen direnean. Lehenago, neguan beste lan batzuk egin behar izaten ziren, gehienetan familia elkartuta: kapaxa edo arta-zorroa kendu, eta gero eskuz garandu, artaburua garanduta zegoen beste buruxka batekin igurtzita. Artagaraua zakuetan gordetzen zen, harik eta labesua egin eta ostean, arto-irin gozoa egiteko, errotara eramaten zen arte.

Artikulua: Akaitze Kamiruaga

Labayru Fundazioa

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1 <