SAN JUAN BAGILEKO, DENBORA EDERREKO...

Honelaxe hasten da Bizkaia inguruan, san Joan bezperan, iluntze aldera, baserrietan eta kaleetan suteak egiten diren bitartean, oihuka esaten den konjuruetako bat:

San Juan bagileko

denpora ederreko,

artoak eta gariak kaxan gordeteko

zapoak eta sugeak surtan erreteko.

Gora san Juan!

Izan ere, uda ekainaren 21ean hasi arren, tradizioz, udako solstizioa san Joan bezperaz, ekainaren 23an, ospatu izan da. Horixe da urteko egunik luzeena, eta hortaz, baita gaurik laburrena ere.

Kristauen kulturan guztiz sustraitutako ospakizuna bada ere, jatorria aurretikoa da, eta antzinako sineskera, erritu eta zantzu ugari mantentzen dira oraindik ere Europa osoan.

San Joan eguzkiarekin lotuta dago. Eguzkiak argia eta beroa dakarzkigu, suak ere bai; horregatik biak batzen dira egun honetako ospakizunetan. Ekainaren 24ko egunsentian, eguzkia dantzan irteten zela uste zutelarik, ohikoa zen jendea mendi tontorretara joatea bere agerraldia ikusteko.

Erriturik zabalena eta ezagunena sanjoan sua dela esan genezake; berau da jaiegun honetako sinbolorik adierazgarriena. Bai lehen eta bai orain, suak pizten dira herriko plaza, auzo, baserri, soro eta bidegurutzeetan. Jende ugari batzen da sua ikusteko, eta herri txikietan oraindik ere, era honetako formula bereziak esaten dira: “San Juan, San Juan berde, artoa eta garia gorde, txantxikuak eta zapoak erre. Biba San Juan berde!”

Herri batzuetan errezitatuak luzeagoak ziren. Ondoren datorrena Nabarnizen batutakoa da:

Doniñe moniñe,

bezpera gabean,

abadeak hasarratu zirean,

ez eben besterik egiten,

alkarreri musturrak hausiten.

Artoak eta gariak ondo-ondo gorde,

sorgiñak eta laminak ondo erre.

Sanjoan suak gizakia garbitu eta azaleko gaixotasunetatik babesteko ahalmena du, horregatik ausartenak saltoak egiten dituzte suaren gainetik. Abereei ere errauts gainetik pasarazten zitzaien, kalte guztietatik libre izan zitezen. Baina horrez gainera, soroetara joaten ziren sutan zeuden gabilak eskuan hartuta, konjuruak esanez, lurrak ere lapurrengandik, sorginkerietatik eta pizti kaltegarrietatik babesteko.

Egun honetako beste erritu batzuk ura eta landareekin lotuta daude. Iturri eta erreketako urek, baita garoak ere, botere eta indar berezia dute solstizio egunetan, bai udakoan eta bai negukoan. Sanjoanetan ohitura zabala izan da Euskal Herrian, ihintza hartzeko, eguna argitu orduko belar gainean oin-hutsik, edo gari-soroetan biluzik ibiltzea. Baita iturrietan edo erreketan aurpegia, eskuak eta oinak garbitzea ere. Hau azaleko gaixotasunak osatzeko edo urte guztian babestuta egoteko ustean egiten zen. Bestalde, Nafarroa aldean, Doniane bezperako gauean, emakume antzuak iturrira joaten ziren eta, ura edan eta gero, iturriaren harrietako baten kontra igurzten zuten sabela, haurdun geratzeko esperantzan.

Landareek eta zuhaitzek berebiziko garrantzia hartzen zuten Doniane ospakizunetan. Lizarra eta elorri zuria izan dira erabilienak. Goizean goizetik, eguzkiak irten orduko, zuhaitzon adarrak ebaki eta etxeko atearen albo bietan, balkoian, iturrietan, ortu edo soro bazterretan jartzen ziren ekaitz eta tximistetatik babesteko. Adarrok urte osoan mantentzen ziren, eta hurrengo urteko sutean erre. Ohitura hau bizi-bizirik dago gaur egun ere leku askotan.

Nafarroan, ostera, tradizioa eguzki-lorea jartzea izan da, landare hori eguzkiarekin lotzen delako. Eguzki-lorea sorgin eta izpiritu txarren kontrako kutuna da; ganadua gaitzetatik libratzeko ere erabiltzen da.

Sanjoan txorta edo Doniane kargea ere aipatzekoa da. Bezperan, lehenengo orduan, landareak garoarekin bustita daudela, sortatxoa prestatzen zen ederrenak aukeratuta, bai berez hazikoak bai etxean landatutakoak: belarrak, irak eta lore batzuk (sanjoan loreak, arrosak eta krabelinak), galburuak eta arto-landareak, berakatz-buruak, tipulak, sagar adar eta abarrez osatzen zuten. Hurrengo egunean, etxekoandre bakoitza bere sortatxoarekin joaten zen meza nagusira, eta han bedeinkatu ondoren, ganbaran uzten ziren sikatzen. Ekaitza zenean sortako zenbait belar hartu eta surtara botatzen ziren, tximistetatik babesteko. Urtean zehar erabili gabeko landareak hurrengo sanjoan suan erretzen ziren.

Zuhaitzek ere garrantzi handia hartzen dute udako ospakizunetan. Herri askotan, gazteek arbola luze adargabea jartzen dute plaza erdian edo elizaren aurrean, donilatxa. Zuhaitza, batzuetan jabearen baimenik gabe, dagoen lekutik hartzen dute. Enborra lorez eta landarez apaintzen dute eta puntan trapu zaharrez edo lastoz egineko txotxongiloa, edo ikurriña jartzen dute. Enbor hau leku batzuetan erre egiten da eta beste batzuetan luzaro uzten da bertan. Erritu hau maiatzetik aurrera egiten da eta, gaur egun, herri askotan jaietara ekarrita dago.

 

Artikulua eta argazkia: Labayru Fundazioa

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1