- Blog
- BBK Esperientziak
- San Isidrio, laborarien zaindaria
San Isidrio, laborarien zaindaria
Maiatzaren 15ean San Isidro Nekazariaren jaia ospatzen da. Izenak berak adierazten duen moduan, laborari edo nekazarien zaindaria da, eta horregatik tradizioz berari eskatu izan zaio uzta ona lortzeko laguntza.
Herri batzuetan, adibidez Derio, Getxo, Mendata, Murueta eta Zeanurin, egun horretan ospatzen dituzte herriko jai nagusiak. Getxon eta Zeanurin, kasurako, ospe handikoak dira ganadu feriak eta txapelketak, idi-probak... alboerrietako jendetza handia erakarriz.
Bizkaian, San Isidroren omenez, hiru ermita baino ez daude: Amorebieta-Etxanon, Karrantzan eta Orozkon. Baina sainduaren irudia beste ermita eta eliza askotan ere aurkitu daiteke, horregatik ospakizuna zabala izan da lurralde osoan.
Beste herri batzuetan jaia nekazarien kooperatibarekin lotuta egon da. Sarri kooperatibak berak San Isidro izena hartu izan du. Horrela izan da Mungian, Zamudio eta Deriokoan, Plentzian, Jatabe-Marurin, Bilboko Begoñan... Inguruetako baserritarrak falta barik joan izan dira kooperatibak antolatutako jaialdira. Egitarauan antzekoa izaten da: hasteko meza, gero bazkideen bazkaria, eta bazkalostean sororako tresnen zozketa (orgatilak, aitzurrak, kodainak...).
Nekazari eta abeltzainentzat urteko jairik garrantzitsuenetarikoa izan da; horregatik, egun horretan ez zuten soroan lanik egiten. Barrikako lekuko batek gogoratzen duenez, bere amak San Isidro egunez artoa edo indaba ereinez gero landareari harra sartzen zitzaiola esaten zuen.
San Isidrori lotuta hainbat ohitura ezagutu ditugu: herri askotan prozesioak egin izan dira sainduaren irudi eta estandartearekin (Derio, Elorrio, Etxebarri, Galdames, Morga, Muxika, Orozko, Zamudio, Zeanuri...); sikatea egonez gero euria eskatzeko errogatibak egin izan zaizkio; bere egunez soroak eta uztak bedeinkatu dira; eta, adibidez, Bedian, Arratzun eta Zeanurin, arto-landareak eta artaburu bigunak eskaintzen zaizkio. Zeanurin, sakristauak artoa udaberriaren hasieran ereiten zuen, maiatzaren hamabosterako landarea eta artaburua hazita egongo zirela ziurtatzeko.
Artikulua: Akaitze Kamiruaga - Labayru Fundazioa
Argazkiak: Labayru Fundazioa eta Getxoko Udala
09/05/2017 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Ferias