Sagarrak

Bizkaian sagarrondoak aspaldi-aspalditik landu izan dira, horregatik dago gaur egun hainbeste sagar mota gure artean, bai jatekoak bai sagardoa egitekoak. Batzuk aipatzearren: kanasagarra, sanjuan sagarra, sanpedro sagarra, santiago sagarra, urtebetea, urdin sagarra, gaza sagarra, erreineta... Fruta-arbola hori Bizkaiko klima hezera eginda dago, eta bere fruituek negu osoa ez ezik udaberrira arte irauten dute usteldu gabe, ganbaretan modu egokian gordeta. Adibiderako urtebete izenez ezagutzen dena aipatu daiteke.

Sagarrak postre estimatua izan dira, bai gordinik jateko, bai erreta, bai konpota edo marmelada eginda. Hain garrantzitsuak izan ziren eguneroko jakien artean, ezen sagar erreak "behartsuen platera" zirela esaten zen, lapikokoaren osteko jateko sendoa zirelako.

Aurreko mendeetan, sagardoa ere oso garrantzitsua izan zen. Edari hau etxerako egiten zen, baina baita kanpoan saltzeko ere. Lotura estua izan zuen baleontzi eta bakailaontziekin; arrantzaleek, itsasoan zeudenean, sagardoa edaten zutelako eskorbutorik ez harrapatzeko. Hainbesteko garrantzia izan zuenez, Bizkaiko Enkarterrietako Foru Zaharrean heriotzarekin zigortzen zuten inoren upela guztiz husten zuena.

Nekazaritzak izan zuen gainbehera sagardoarentzat ere momentu latza izan zen. Baina azkenaldian gorakada nabarmena izan du, sagardoak berak estimazio handia duelako eta ekoizpen industrialari erantzuteko sagar mota hobeak aukeratu direlako. Hala eta guztiz, zoritxarrez, sagar mota asko bidean galdu egin dira.

Gaur egun sagarrik gehienak ohiko ezaugarrien arabera saltzen dira: tamaina berdintsua eta itxura ona izatea da garrantzitsuena, zaporea kontuan hartu gabe. Horrez gainera, urteko edozein sasoitan lortu daitezke, urruneko herrialdeetatik ekarri edo hozkailuetan freskotan kontserbatzen direlako. Hala ere, modu tradizionalean ekoiztu eta herrietako plazetan saltzen direnek ere harrera ona izaten dute.

Bizkaian zuztar sakonak izan ditu fruta honek, toponimian eta abizenetan utzi dituen arrastoek erakusten duten moduan. Bestalde, baserritarrek oraindik gogoratzen dituzte aspaldian erabilitako lan egiteko moduak, gaur eguneko ikuspegi agroekologikotik hain interesgarriak direnak: sagastietan artaldeak bazkatzea; edo berez hazten ziren sagarrondoen txirpiak etxekoetan txertatzea, izurriteen kontra askoz ere gogorragoak zirelako. Amaitzeko, gogora ekarriko dugu, neguan baserrietako ganbaretan bilduta daudenean sagarrek duten usain gozoa.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1