Piperrak eta tomateak urte guztirako

Abuztuan, udan bete-betean sartuta, ortuak sasoirik onenean daude eta barazki ederrak ematen dizkigute: lekak, kalabazinak, zerbak, piperrak, tomateak, letxugak...

Sarri, barazkiak eta frutak ortutik hara jaten ditugu, baina freskotan barik; baina ahalik eta denbora gehien mantendu eta urte osoan eskura eduki ahal izateko, modu desberdinak erabili izan dira. Ezagunenak hauexek dira: sikatzen uztea, azukretan edo ozpinetan gordetzea, ontzietan sartzea, eta gaur egun, elikagaiok izoztea.

Tomatea da urte osorako gehien gordetzen dena. Garai baten, zoldu-zolduta zegoenean, txikitu eta lapiko handietan egosten zuten. Ostean, txinotik pasatu, eta behin birrinduta, azalak eta haziak kentzen zizkioten. Gero, kristalezko botilak tomatearekin bete eta olio pixka bat botatzen zitzaion gainean, haizerik sartu ez zedin. Botilak ixteko, aurretik uretan egositako kortxoak erabiltzen ziren. Kortxoak botiletatik ez irteteko, sokatxo edo burdin hariarekin lotzen zituzten. Amaitzeko, botilak lapikoetan sartu eta ur-beroaldia ematen zieten.

Piperrei dagokienez, txorizeroak edo Gernikako piperrak, abuztu eta irailetik aurrera landarean bertan heltzen utzi, eta gorritzen hasita daudenean batzen dira. Ondoren, kordak egiten dira, banan-banan orratza eta listaria buztantxotik sartu eta elkarrekin josita. Kordak portaleko hagetan edo etxe-aurrean eskegitzen dituzte sikatzeko. Behin zimelduta, piperrok, neguan, txerria hil eta gero, txorizoak egiteko erabiltzen zituzten; baita urte osoan salsak prestatzeko ere.

Piperlodiak eta pikillo-piperrak, ostera, erre egin izan dira, gero ontzietan sartzeko. Gehienetan, astero ogia egiteko erabiltzen zen labearen berotasuna aprobetxatzen zuten. Erre eta ostean, zuritu eta zatitu egiten zituzten. Tomatearekin egiten zen moduan, gero botiletan sartu, olioa bota, kortxoak ipini eta maria-bainutan egosten ziren. Orain, piperrak erre eta plastikozko poltsetan sartuta, izoztu egiten dira.

Artikulua eta argazkiak: Labayru Fundazioa

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1