- Blog
- BBK Esperientziak
- Ortua kolorez betetzen da udako barazki eta ortuariekin
Ortua kolorez betetzen da udako barazki eta ortuariekin
Iritsi dira hilabete beroak eta tenperaturak igotzean aldatu egiten dira eguneroko ohiturak, gogo handiagoa izaten dugu produktu freskoak eta zaporetsuak jateko, eta ortu edo baratzeetako paleta kromatikoan mila kolore agertzen dira.
Udaldia izaten da garai egokiena urte osoan espero ditugun barazki, fruta eta ortuari horiek jateko, azkenean iritsi baitira kontsumorako heltze-puntu eta zapore egoki-egokira.
Gernikako piperrak, lurraren usaina darien tomate urtsuak, luzoker edo pepino freskagarriak, leka zaporetsuak, apioa, errefaua, kuiatxoak, azaloreak, alberjinia edo berenjenak, meloiak, sandiak … Oso zabala da aukera, eta produktu jakin bat mahaira goizago edo beranduago iristea tenperaturaren eta prezipitazioen arabera egoten da.
“Klimari lotua dago dena. Produktu batentzako unerik onena klimaren arabera dago. Egun osoa ereiten eta landatzen ematen dugu, ahalik eta hobekien jagoten dugu, gain-gainean egoten gara, adi eta erne. Une bakoitzean kalitaterik onena eskaini gura izaten dugu”, azaldu du Momoitio baserriko Begoña Lumbreras-ek.
Une hauetan, haren ortuak piper, tomate eta lekaz gainezka daude, salmenta aldetik oso arrakastatsuak azoketan.
“Jendeak asko eskatzen ditu eta azokaz azoka jarraitzen digute. Egia esateko, harrotasunez betetzen gaitu gure bila dabiltzala esateak, ez dutelako gurea bezalako tomaterik beste inon topatzen”, esan du Begoñak.
Egia esateko, asteak igaro ahala, Gernikako piperrekin eta tomateekin batera, beste produktu batzuk sartuko dira: erretzeko piperra, 'ahuntz-adar' piperra, pipermina askotariko barietateekin, borraja edo azalore morea.
Momoitioko ekoizpenari, Gorekoko ortua batu behar zaio, Mungian 6.000 m2ko berotegiak baititu, eta ia 2 ha ortu aire zabalean, nekazaritza ekologikora emanak.
Bizkaiko udalerri horretatik, ustiategiaren arduradunak, Gorka Irazabalek, produktu nabarmenenetako bat legez, tomatea aipatu digu, barietate askotan landua, eta etxearen espezialitateetako bat omen dena. Halaber, oso erantzun ona jasotzen du italiar piperrarekin eta hainbat eratako babarrunekin (zuria, Arabako pikart edo nabarra, gernikarra edo Mungiakoa).
Baina leka, barietate askotako pipermin, alberjinia eta tipulez gain, Gorkak bereziki aipatzen du physalis, jatorriz Hego Ameriketako fruitua, eta Iberiar penintsula iparraldean ongi ematen dena klima fresko eta hezeagatik.
“Produktu osasungarria da diabetikoentzat, diuretikoa a eta C bitaminaren eduki handikoa, piper gorriak eta laranjak baino gehiago”, dio Gorkak.
Platerak apaintzeko eta postreei azken ukitua emateko osagai gisa goi-sukaldaritzan sarri erabilia, physalis-ek zuntz, karoteno eta mineral asko ditu (kaltzioa, burdina eta fosforoa), immunitate-sistema indartzen du eta ezaugarri antioxidatzaileak ditu.
Irazabal-en esanetan, physalis-ari buruzko erantzuna ere oso ona da: "Jendea harritu egiten da eta gustatu egiten zaio”.
Abuztuan sartu ostean, brokoli, romanesco, porru, erretzeko piper, sandia eta meloiak ere izaten dira Gorekoko ortuetan.
“Sandia urtsu eta oso goxoak izaten ditugu”, dio Gorkak, eta azaldu du beraien ustiategian etengabeko berrikuntza-prozesuan egoten direla, eta barietate eta produktu berriekin esperimentatzen dutela, horrela bezeroak harritzeko alternatiba berritzaileekin.
Gorekoko eskaintzan landare aromatiko eta sendabelarrak ere badaude, adibidez, menda, erromeroa, ereinotza edo oreganoa.
12/07/2016 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Hortalizas