- Blog
- BBK Esperientziak
- Oilo kantari, arrautzaren salatari (Oiloen errunaldia urtaroen arabera)
Oilo kantari, arrautzaren salatari (Oiloen errunaldia urtaroen arabera)
Gaur egun normala da urte osoan arrautzak merkatuan erosi ahal izatea, eta horretara ohituta gaude, baina lehenago ez zegoen halako komenentziarik; izan ere, arraza tradizionaleko oiloen errunaldia urteko sasoien menpe zegoen. Oraindik ere, etxerako edo maila txikian saltzeko arrautzak ekoizten dituztenek gorabehera horiek igarriko dituzte, beti ere betiko arrazak eta soltean hazten badituzte, eta lehengo erara elikatzen badituzte.
Oiloak etxean hazten zirenean, jaio eta sei bat hilabetera hasten ziren arrautzak ipintzen, baldin eta errunaldiaren hasierak eguraldi onarekin bat egiten bazuen, edo apur bat geroago, sasoirik hotzenetan izanez gero. Udazkenean, urrian, oiloek "luma galtzen zuten", eta erruteari uzten zioten, mikatu egiten ziren; edo, hiru bat hilabetean, gutxiago erruten zuten. Denbora hori igarota, berriz ere luma guztiak berreskuratzen zituzten eta urtarril amaieran hasten ziren berriro arrautzak ipintzen, San Anton Abadearen jaiaren inguruan (hilaren 17an). Hortik dator gazteleraz erabiltzen den ondoko esaera hau: Por san Antón, la gallina pon.
Gabonetan arrautza gutxi egoten zen, baina sasoi horretako postreak prestatzeko behar zirela eta, direnak eta ez direnak egin behar izaten zituzten, sastraken artean ezkutatutako habiak aurkitzeko; izan ere, oilo batzuek oilategian barik, arrautzak kanpoan jartzeko ohitura hartzen zuten. Habia horietako bat arrautzez beteta aurkitzea gauza handia izaten zen. Gainera, kanpoan tenperatura hotza zenez, arrautzok ondo kontserbatzen ziren.
Gaur eguneko oilotokietan urteko zikloak eraginik duen ikusteko, Bildotxi eta Oilabide abeletxeetako Omar Torrejón eta Ainhoa Alavarengana jo dugu. Haien esanetan, gaur egun oiloak hazteko baldintzak eta orain hamarkada batzuetakoak guztiz desberdinak dira. Orain nabe modernoetan egoten dira, tenperatura berdintsuan eta behar beste argi ordu dituztela; hain zuzen ere arrautzak egiten jarraitzeko egunean hamasei argi-ordu behar dituzte. Horregatik urtaroen eragina gaur egun ez da hain handia izaten.
Urte osoan arrautzak ekoitzi ahal izateko jokabidea da, oiloak udan aldatzea, eskaera txikiagoa denean. Horrela, udagoienerako, kontsumitzaileen beharrizanei erantzuteko besteko produkzioa dute.
Luis Manuel Peña Cerro
26/01/2017 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Ferias