Nekazaritza ekologikoa Bizkaian, osasun beteko produktuak

“Ona da organismoarentzat eta ona da naturarentzat”, hitz hauekin laburbiltzen ditu Gorka Irazabal produzitzaile bizkaitarrak nekazaritza ekologikoaren onurak, nekazaritzak ingurumenari egiten dion inpaktua minimizatzen saiatzeaz gain, produktu kimokoen eragina jasan ez dute elikagaiak ematen dituen produkzio-sistema honetaz mintzo dela.

Sei urte daramatza Irazabalek nekazaritza ekologikoan, ahalik eta gutxien inbaditzen duten kultiboak lantzen.

“Nekazariok ingurumenaren gainean jarduten dugu, lurra manipulatzen dugu. Kalterik txikiena egiteko modua nekazaritza ekologikoa da”, dio.

Produkzio ekologikoan ez da ongarri eta pestizida kimikorik erabiltzen, ez da genetikoki eraldatutako hazi edo barietaterik erabiltzen; lurra lantzeko hain agresiboak ez diren prozesuak baliatzen dira eta kultiboak dauden lekuko ekosistemako baldintzek markatutako zikloetara egokitzen dira. Natura ahalik eta gehien errespetatzen eta imitatzen saiatzen dira.

Gainera, arduraz erabiltzen dira baliabide naturalak eta biodibertsitatea eta, lurra lantzeko, materia organikoa gehitzen duten eta lurzoruaren egoera ona zaintzen duten praktikak bultzatzen dira.

“Nekazaritzak ahalik eta eraso txikiena egitea da gure xedea. Baso naturalaren antza izan dezala, ahal den neurrian”, erantsi du Irazabalek, eta filosofia horrek “osagai ideologiko” bat ere baduela azpimarratu du.

Europako legeriak arautzen ditu nekazaritza ekologikoaren printzipioak, eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK) da Bizkaiko ustiategietan araudia betetzen dela egiaztatzeko eta ikuskapenak egiteko ardura duen organoa.

“Oso zorrotzak dira. Hostoak, fruituak… dena kontrolatzen digute. Auditoria latzak egiten dituzte”, zehaztu du Gorkak.

Baina sistema horri jarraituz lan egiteko ahaleginak badu bere saria, gero eta gehiago direlako sentsibilizatuta dauden kontsumitzaileak.

Zabalkundea emateko eginkizun horretan kokatzen da Bizkaiko Nekazaritza Ekologikoaren Elkartea, Ekolur. Eredu ekologikoaren errealitatea hurbiltzen saiatzen da elkarte hori, topaketen bidez edo produktu ekologikoak bakarrik saltzeko feriak antolatuz.

“Kontzientzia ekologikoa gero eta gehiago ari da errotzen, eta nekazaritzari ekiten dioten produzitzaile berri gehienek sistema ekologikoa hautatzen dute”, azaldu dute Ekolur elkartekoek.

Bereziki azpimarratu digute oso garrantzitsua dela argi uztea “nekazaritza ekologikoaren bidez lortutako produktuak bakarrik merkaturatu daitezkeela elikagai biologiko, ekologiko edo organiko izendapenarekin”.

Bizkaiko ferien egutegian hainbat hitzordu daude markatuta irailerako, kontsumitzaileei elikagai ekologikoak erosteko bidea errazteko. Irailaren 17an Algortan izango da produktu ekologikoak bakarrik eskaintzen dituen nekazaritzako feriaren hamaikagarren edizioa, eta hilaren 24an Mungiak hartuko du feria horren lekukoa.

Gainera, 24an Busturiako feria ekologikoa izango da, Lurreko Nekazari Elkarteak eta herriko udalak antolatua.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1