- Blog
- BBK Esperientziak
- Nazioarteko altxorra Bizkaiko bihotzean
Nazioarteko altxorra Bizkaiko bihotzean
Bizkaiko Arrieta udalerrian dagoen Biortzatxu baserrian, Iker Villasanak mimo eta ahalegin handiz lantzen ditu bertoko berdura eta ortuariak, baita ezohiko aldaera exotiko batzuk ere, eta hauek izan dira Guggenheim museoko Nerua jatetxea liluratu dutenak, beronen hornitzaileetako bat bihurtu delarik Iker.
Duela gutxi, 40 urteko nekazari honek BBK-k ematen dituen San Tomas 2016 Sarietako ekoizle gazte onenaren saria jaso zuen. Iraunkortasunari eta berrikuntzari emandako sari hau beste sari bat gehiago da ekoizle honek aurrez lortuak zituen sarien zerrendan, eta Iker harro dago horietaz.
Nekazaritzarekiko grina gaztetxoa zela piztu zitzaion, bere ortua lantzen hasi baitzen 16 urte baino ez zituela. Hala ere, duela lau urte sartu zen bete-betean lanbide honetan; autoeskolan zuen beharra laga eta nekazaritza ekologikoan espezializatu zen.
Bertoko ortuariez gain, Ikerrek era guztietako aldaera exotikoak lantzen ditu, nekez aurkitzen direnak hemengo azoketan. Adibidez, lore elektriko harrigarriak, anestesia-propietateak dituztenak eta normalean ahoa garbitzeko eta zapore txarrak kentzeko erabiliak; edo krisantemoa, landare jangarria, apaintzeko edo jaki gastronomikorik onenari azken ukitua emateko erabil daitekeena.
Nekazari gazte honek zaletasun berezia aitortzen du bere izar produktu batekiko: kuiatxo-lorea; jaki hau ilunabarrean batzen du eta ahogozo paregabea du ezaugarri. Ikerren ortu honetan askotarikotasun edo dibertsitatea ezinbestekoa da, eta bertan Villasanak miniortuariak (ortuarien miniaturazko bertsioak) ere lantzen ditu: baby kuiatxo samurrak, eta Asiako ortuarien aldaera batzuk, horien artean nabarmenduz ziapea edo txikoria.
Oso jatorri ezberdineko haziengatik, Ikerren ortua bestelakoa da, eta aldi berean oso berezia. “Batzuetan sukaldari batzuek haziak ekartzen dizkidate bidaietatik; eta beste batzuetan, neuk ekartzen ez baditut, Internet bidez erosten ditut”, azaldu du nekazari gazte honek.
Bere ekoizpenaren berezitasunak itsaso zabala zeharkatzea lortu du eta joan zen urtean The New York Times estatubatuar aldizkarian albiste izan zen ekoizle gazte hau, malko-ilarrak hazteagatik, landarerik preziatuenetakoa gastronomiaren munduan.
“Kabiar berde” legez ezagutzen da, txikia da ilar-aldaera hau eta era ezohikoan batzen da. “Egunero batzen da eta ahogozoan igartzen da gazteagoa dela, ahoan lehertzen zaizu, ez du almidoirik, azukreak bakarrik, eta gozoa da barrutik", azaldu du Ikerrek.
Azken batean, nekazari gazte baten ahalegin eta iraunkortasunaren emaitza den ortuaren jagolea da Iker, bere grina lanbide bihurtu duelarik. Sekretuak sinplea dirudi: “Urtero nabil munduan zehar ikusten ditudan gauza berriak hemen sartzen”, azaldu du.
02/02/2017 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Hortalizas