- Blog
- BBK Esperientziak
- Lurraren ahotsak
Lurraren ahotsak
Azoka eta ferietan gure baserritarrei erosten dizkiegun produktuen atzean mila istorio ezkutatzen dira. Nahiz eta gu ez konturatu, ekoizleek beren beharrean jarri dituzten neke eta ilusioz beterik eroaten dugu poltsa.
Salmahaiaren beste aldetik bizitza zelan ikusten den jakiteko, bi baserritarrekin berba egin dugu. Andoni Ojangurenek 61 urte ditu eta bizitza osoa darama bere baserrian beharrean. Gorka Irazabalek 31 ditu eta industriako behargin izatetik lehen sektorean jardutera igaro da.
Batek bere familiatik jaso du lanbidea eta besteak bere bide propioa egin du. Bi belaunaldi ezberdinen ordezkari dira, esperientzia erabat ezberdinekin. Hala eta guztiz ere, arbasoen beharrarekiko maitasun berbera partekatzen dute: lurretik emaitzak ateratzea gure mahaiak hornitzeko. Lurraren bi ahots hauek grinaz berba egiten dute beren ogibideaz.
Mimoz egindako txakolina
Ojangurenek baserri ederra du Galdakaon. Han jaio zen, han bizi izan du landa-inguruneak azken hamarkadetan izandako eraldaketa handia eta han ditu bere mahastiak gero txakolina egiteko, Erdikoetxe deitua etxea legez.
Bere ardoaz berba egiten duenean begiak argitzen zaizkio. “Bizi dut txakolina”, baieztatzen du zalantza-izpirik gabe. Bi hektareako mahastia du, baina sailaren eremu txikia bere produktu kutunari eskaintzen dion mimoaz konpentsatzen du.
“Ez dut upategi handirik”, dio, “baina horri esker, prozesuaren hasieratik amaieraraino dena nire eskuetatik pasatzen da”. Bai mahastiaren inausketan, mahatsa heltzen ari denean, ardoa egin eta botilaratzerakoan, bera bertan egoten da denbora guztian. Beraz, azken emaitza, 14.000 eta 16.000 botila artekoa urtaldi bakoitzean, urte osoko beharraren saria da berarentzat.
Txakolina egiteko modua erabat aldatu da. “Garai batean oinpean muztiatu edo zapaltzen genuen eta muztioa zuzenean barrikan sartzen genuen”, azaldu du; orain, ordea, mahatsak makinaz prentsatzen dira, mahats-mordoaren aihenetatik ongi bereizita, eta muztioa altzairu ugertu edo herdoilezinezko deposituan lagatzen da dekantatzen, zikinkeria banatzeko. Horrela lortzen da muztio garbia eta irakiten lagatzen da.
“Kalitatean aldea itzelezkoa da”, dio berak. Txakolinari beti egotzi izan zaio oso azidoa izatea, baina gaur egun ez du zertan horrela izan. Gaur egun txakolin ona oso ondo lehia daiteke Albariño edo Rhin-go ardo batekin”.
Ortura bokazioz
Irazabal trokelgintzako fabrika batean zebilen beharrean, baina landarekin amets egiten zuen. “Beti gustatu izan zait baserriko bizimodua. Etxean bagenuen ortu txiki bat eta asko interesatzen zitzaidan", gogoratzen du. Orduan, ezbehar bat aukera bihurtu zuen: “Lan barik geratu nintzen eta jendeak esan arren ogibide honek sakrifizio handia eskatzen duela, azkenean animatu eta ikastaro batzuk egin nituen Derio Nekazaritza Eskolan”.
Ezagupen horiekin bere egitasmoa abiarazi zuen. Bost urte igaro dira ordudanik. Bere ekinbidea Goreko deitzen da eta nekazaritza ekologikoan diharduen enpresa da. Era guztietako ortuariak ekoizten ditu Gamiz-Fikan dagoen lursailean. Hau du diru-sarrera nagusia, baina baditu oiloak eta ahuntzak ere, eta kontserbak eta eztia egiten ditu.
Zertan aldatu da bere bizitza ordudanik? “Lehen erosoagoa zen, banekien zenbat ordu egingo nituen beharrean eta zenbat diru jasoko nuen hil-amaieran, baina oraingoa bestelako bizitza da, gogorra baina oso polita, asko eman dit, besteak beste lasaitasuna, eta gauza asko irakasten dizkit".
Bere lanbidearen oinarriak ikasteko, hasieran asko lagundu zion ikusteak zelan egiten zuten beharra inguruko baserritarrek. “Asko ikasi nuen beraiengandik”, dio, baina berehala erantsi du: “norberaren esperientziatik ere asko ikasten da: eguneroko erronka horiek, aurre egiten asmatzen duzunean edo hanka sartzen duzunean, asko irakasten dizute egunero".
Bi esperientzia ezberdin
Bi baserritar hauen esperientziak guztiz ezberdinak dira: Ojangurenen baserrian beti ekoitzi ziren era guztietako produktuak familian kontsumitzeko, eta soberakina saldu egiten zen. Gero, ordea, kontsumitzaileen ohiturak aldatu egin ziren eta, ondorioz, eskaintza ere aldatu egin behar. Horrela hasi ziren Erdikoetxen beren ahaleginak txakolinera bideratzen.
Irazabalen kasuan, bere espezializazioa etxaldeko ekoizpen-ereduari loturik dago, nekazaritza ekologikora zuzendua. “Jendea gero eta kontzientziatuago dago, eta produktu ekologikoak eta gertukoak eskatzen ditu", dio.
Bizkaian izaten diren azoka ugarietan saltzen dute biek (BBK-k 91 azoka antolatzen ditu guztira). Horien produktuak erosten dituenak ez ditu txakolina edo ortuariak bakarrik erosiko. Baserritar hauen, gure lurraren bi ahots hauen historiaren zati bat ere eroango du.
21/12/2015 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Hortalizas