Klima-aldaketarekiko patata iraunkorragoen bila

Karbohidrato, proteina, C bitamina eta mineralen iturri, munduko hirugarren elikagai garrantzitsuena da patata, gariaren eta artoaren ondoren. Hala ere, landutako espezie gehienak ez daude klima-aldaketaren kondizio gogorretara egokituak, adibidez lehorte luzeetara edo muturreko tenperaturetara, hotz nahiz beroetara. 

Testuinguru honetan, Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak ikerketa-proiektu bat gauzatu du klima-aldaketara ongien egokitzen diren patata-barietateei buruz. Azterketaren helburu nagusia da erresistentzia handieneko patata-geneak identifikatzea tuberkuluaren barietate berriak lortzeko, erarik hoberenean egokitu daitezen klima-kondizioetara.

Halaber, ikerketak aztertu du nola portatuko diren egungo patata-barietateak muturreko klimatologia-egoeretan helburu nagusi honekin: nekazaritza-sektorearen lehiakortasunaren hobekuntzan eta nekazaritza iraunkorragoan aurrera egitea.

Horretarako, teknologia-ikertegiko ikertzaileek tuberkulu-barietate bakoitzaren informazio genetikoa jaso dute, landareak klimatologia-kondizio gogorren ondoriozko estresa daukanean. Honela, egoera hauen aurrean erreakzionatzen duten geneak zein diren ikusi eta lehorteari, hotzari eta beroari erantzuteko mekanismoetan parte hartzen dutenak identifikatu ahal izan dira.

Neiker-Tecnaliak agiri batean azaldu duenez, landarea erresistenteago egiten duten geneak identifikatzea funtsezkoa da etorkizunera egokituko diren barietate berriak garatzeko lehen urrats gisa.

Ikertzaileen taldeak kalkulatu du gutxienez 1.500 nekazarik jasoko lituzketela barietate berrien onurak, ekoizpen-galerak saihestuz eta bertoko nekazaritzaren diru-sarrerak gehituz. Oharrean erantsiaren arabera, patataren kultiboa gutxienez %10 gehituko da datozen urteetan, bereziki kondizio agroklimatiko gogorrak dituzten eskualdeetan.

Ikerketa hau La Molina (Peru) Nekazaritza Unibertsitatearekin, INIAP (Ekuador) Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ikerketetarako Institutu Nazionalarekin eta San Francisco (Ekuador) Unibertsitatearekin lankidetzan egin da, eta Papaclima proiektuaren parte da, honen helburua patata berreskuratzea izanik Euskadin eta bereziki Araban ereiten den produktu nagusietako bat baita. 

 

Argazkia: Irekia

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1