- Blog
- BBK Esperientziak
- Idiazabal, izadiaren zaporea
Idiazabal, izadiaren zaporea
Idiazabal gazta zer den ulertzeko ezinbestekoa da dastatzea, astiro-astiro ahogozatzea, eta bere aromak eta batere arrunta ez duen zaporearen bizitasuna adierazten uztea. Idiazabal gaztak iraunkorrak dira, eta beraien gustuak ahoan irauten du minutu batzuetan. Ahaltsuak eta indartsuak dira, baina azidotasunik eta mingostasunik gabe.
Idiazabal gaztek harritu egiten dute kontsumitzailea, dagokien lurraldeko ñabardurak transmititzen dituzte-eta. OOroimena pizteko, oroitzapenak sorrarazteko eta, batez ere, naturarekin konektatzeko gaitasuna dute.
Produktu honen atzean gordetzen den esperientziaren arrazoiak lantze-metodoan bilatu behar dira, baina batez ere lehengaian.
“Bestelako gazta da. Inguruneak bere zaporearen ñabarduretan eragiten du. Lurralde bakoitzak, bailara bakoitzak, goratasun-maila bakoitzak ezaugarri bereziak ematen dizkio”, azaldu du Idiazabal sor-markaren lehendakariak, Jose Maria Ustarroz-ek.
Gazta hau ardi latxen esne gordinaz egiten da soil-soilik, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako alde hezeetakoa den ardi motaren esneaz. Eta, hain zuzen ere, esne gordin hori da ardien berezko ingurune edo bazkalekuaren ñabardurak azken emaitzara transmititzen dituena.
“Gazta hauek gutxienez 60 egunez ondutakoak izaten dira, nahiz eta ontze egokiena 90 eta 120 egun artekoa izan", zehaztu du Ustarrozek.
Gainera, gazta mota honen ekoizleetako askok gatzagi naturala erabiltzen dute prozesuan, eta horrek indartu egiten ditu gaztaren berezitasun organoleptikoak.
Idiazabal sor-markan lan handia egiten da ziurtatzeko dena ondo egiten dutela guztiek.
“Artaldeetan ardi latxa arrazaren araztasuna kontrolatzen dugu, eta ekoizpen-mailak", erantsi du Ustarrozek.
Kalitate-estandarrak betetzen direla ziurtatzeko, Hazi ziurtapen-agentziako ikuskatzaileek laginak jasotzen dituzte gaztandegietan eta EHUk Gasteizen duen Farmazia Fakultateko Dastatze Batzordera eramaten dituzte. Batzordean nutrizio, bromatologia, biokimika eta biologia molekularreko adituak daude, eta Egiaztatze Erakunde Nazionalak (ENAC) ziurtaturiko ebaluazio-sistema baten bidez aztertzen dute produktua.
Gaur egun Idiazabal sor-markak EAE eta Nafarroa hartzen ditu, Erronkariko zazpi herriak izan ezik, eskualde honek ez baitu Idiazabal gazta egiten, baina bitxi bada ere Espainian jatorrizko deitura zaharrena du.
21/06/2016 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Queso