- Blog
- BBK Esperientziak
- Herri bati irribarrea berriro emateko azoka
Herri bati irribarrea berriro emateko azoka
Enrike Bediaga, Bermeoko empresari lotuta, Sálicako kudeatzaile ohia eta urteetan Arrain Azokako antolakuntzan partehartzaile aktiboa. Itsasoaren eta arrantzaren munduarekin izan duen harreman estuak Bermeoko Arrain Azokaren lehen pausuetatik antolakuntzan sartzea ekarri zuen, Azokak herri eder honen indartzean funtzezkoa bultzada suposatu duela sinisturik mantendu duen konpromisoa.
Arrain azoka proiektua Bermeon, nola bideratu zen?
Arrain Azoka proiektua 1994an ezagutu nuen Juan Karlos Goienetxea alkateak, Ibarrolaza zinegotziak eta Begoña Gangoiti Turismo-arduradunak udaletxera dei egin zigutenean kontserba-enpresa, armadore, ostalaritza, arrantzale-kofradia eta Nautika eta Arrantzako LHkoei; buruan zeukatena aurkeztea zen haien helburua, alegia, arrainaren azoka bat egitea Bermeon.
Niri ideia bikaina iruditu zitzaidan. Ni 1990ean iritsi nintzen Bermeora, kontserba-enpresa berri baten (Sálica) zuzendari nagusi legez, aurreko bi kontserba-enpresak (Astorquiza eta Campos) batzean sortu zelarik gurea.
Une horretan Bermeon ekonomiaren krisialdi latza hasi zen, egungoak baino langabezia-tasa handiagoekin. Eta horregatik guztiagatik, ekonomia aldetik indartsua, alaia eta ahaltsua izandako herri hura ahulduta eta adorerik gabe zegoen. Pizgarri bat behar zen eta Arrain Azokak balio zezakeen horretarako. Baltzu edo Elkarte bat sortu zen: alkatea zen lehendakaria eta ni lehendakariordea. Hasieratik buru-belarri sartu nintzen, une hartan proiektua hil ala bizikoa iruditu zitzaidan-eta Bermeorako.
Zer uste duzu eskaini diola Arrain Azokak Bermeoko herriari?
Irudi lezake Azoka egiteak produktuak saldu eta emaitza ekonomikoak zituela helburu. Nire iritziz, hori oso bigarren mailakoa zen. Garrantzitsuena zen herriaren autoestimua altxatzeko zerbait egitea, sektoreak elkarrekin behar egiteko gai izatea eta bisitatzen gintuzten guztiei Bermeo herri bizia zela erakustea, eta ateak guztientzat zabalik zeudela gure jarduerak eta produktuak preziatzeko, eta gure inguruneaz eta ostalaritzaz gozatzeko.
Eta bermeotarra, den lakoa izanik, berehala ateratzen da kalera, eta kolorea eta alaitasun parebakoa jartzen ditu. Emaitza izan zen bisitariek beren gogobetetasuna adierazi eta herriaz maitemindu zirela, eta ondorioz, orduan hain beharrezkoa zena gertatu zen, herriaren autoestimua igo egin zen, maitatua, preziatua eta balioetsia sentitu zen-eta.
Azokaren beste ekarpen bat sektoreen artean sortu zen lankidetza izan zen, eta lehiakide ziren enpresen artean partekatzea gertatu zen. Horrek lanbide-harreman hurrekoagoak eta emankorragoak sortzea ekarri zuen.
Eta azkenik, Arrain Azoka, merezimendu osoz, Bermeoko jai-egutegiaren parte bihurtu zen; guztiok, bermeotarrok eta bizkaitarrok, pozik itxaroten ditugun egun horietakoa da.
Zer egin dezakegu azoka etorkizunean agerian jartzen jarraitzeko?
Lehenik, gogoeta egin beharko genuke Azoka-ereduaz bisitarientzat berrikuntza erakargarriak sartzeko, eta ahal bada, nazioarteko ukitua emateko.
Herriari dagokionez, nire ustez gehiago garatu beharko luke zerbitzu-arloa, kontuan izanda kalitatezko turismoak gero eta pisu handiagoa duela Bilbo aldean. Ostalaritza hobea (ezin da ulertu arrantzale-herririk kalean arranparrillen usain barik), xarmadun hoteltxoak eta abar. Hain zapore handiko herria eta Gaztelugatxe eta Urdaibai artean kokatua, luxu handia da.
Eta munduan ere kokatu. Bermeok atunaren erreferente izan behar du munduan; hori abalatzen dute armadore-enpresek, artisauzko arrantzak, kontserba-enpresek, lehen mailako ikerketa- eta teknologia-jarduerek (Azti) eta abarrek.
25/05/2016 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Ferias