Hegaluzearen kanpainak bere sareak zabaldu ditu

Urtero, maiatzeko azken egunak iristean, Bizkaiko arrantzale-herriak beren ekonomiarako garrantzitsuena den kanpainarako prestatzen dira: hegaluzearen arrantzarako, alegia.

Xaxiango edo kazako modalitatean lan egiten duten ontziak izaten dira itsasoratzen lehenengoak eta, aste batzuk geroago, beita bizia erabiltzen duten lankideak itsasoratzen dira, fresko nahiz kontserban jateko hain preziatua den produktuaren bila.

Bizkaiko arrantzaleak Ondarroa, Lekeitio, Bermeo eta Santurtzitik irteten dira Ipar Atlantikoko hegaluzearen bila; kanpainaren lehen konpasetan hegaluzea Azoreetako uhartediaren inguruan izaten da eta, asteak igaro ahala, norabidea iparraldera aldatzen da, Irlandako kosteetara, edo ipar-ekialdera, Bizkaiko Golkoan sartuz.

“Hegaluzea toki askotan dago, Marokon, Australian, Los Angeleseko kostan, baina Ipar Atlantikoko hegaluzeak zapore handiagoa du eta testura samurragoa. Arrain bikaina da, jan eta jan sekula aspertzen ez nauena", esan du Iñaki Zabaletak, Bizkaiko Kofradien Federazioko lehendakariak.

Bere iritziz, hegaluzearen kanpaina, antxoarenarekin batera, garrantzi handikoa da Bizkaiko arrantzaleentzat.

“Kanpaina batek edo besteak huts eginez gero, itsasontziak ez dira batere ondo ibiltzen”, dio Federazioko lehendakariak, eta erantsi du jarduerak eraldatu egiten duela udalerrien errealitatea, hegaluzea arrantzatzeko hilabeteetan “dena ematen dute-eta beharrean”.

Itsasontziek bi aste jarraian eman ditzakete itsasoan, eta portutik kanpo egoten diren denborak ez du zerikusirik egindako distantziarekin edo urruntasunarekin, baizik eta zertutako jarduerarekin.

Zabaletaren iritziz, kanpaina garai konplexua izaten da ugazabentzat, erabaki gaitzak hartu behar izaten dituztelako etengabe. Itsasontziak hegaluze bila irteten dira eta aurkitzen dutenean arrantzaldia noiz arte luzatu erabaki behar izaten dute, noiz etorri portura deskargatzera eta saltzera, ea lehengo toki berera itzuli edo ez, hegaluzea bertan ez egoteko arriskua izaten baita, ala beste zona batzuetara joatea hobe duten...

“Ugazabarentzat etengabeko kezka da. Erabaki asko hartu behar izaten ditu eta noiznahi huts egin dezake. Beti izan da horrela. Horrela da gure bizitza”, dio gogoetatsu.

Aurten, hala ere, Zabaletarentzat aringarri bat da erregaiaren prezioa, ez baita beste kanpaina batzuetan bezain garestia, eta arnasa emango die arrantzaleei.

Itsasoak errespetatzen dituen arrantza

Hegaluzearen arrantza, udaberriaren hasieran abiatua, urrira arte luzatzen da, eta, beraz, denboraldi luzea da eta behar handia egiten da bertan. Testuinguru honetan, ezinbestekoa da begirunez jardutea ingurumenarekin, arduratsua izatea itsas ekosistemarekin eta berme guztiekin arrantzatzea, atunen biomasak arriskurik izan ez dezan.

Zabaletak arrantza iraunkorraren garrantzia eta euskal kofradiek Marine Stewardship Council (MSC) ziurtagiria lortu izana azpimarratu ditu; agiri honek bermatzen du basa arrantza iraunkortasun estandarrak betez egiten dela, bazterkin barik, beste espezie batzuk harrapatu barik eta ingurumenean ere eragin txarrik gabe.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1