- Blog
- BBK Esperientziak
- BBK Azokak “Zenbat da?” ekimena aurkeztuko du Gernikan urriko azken asteleheneko azoka ospetsuan
BBK Azokak “Zenbat da?” ekimena aurkeztuko du Gernikan urriko azken asteleheneko azoka ospetsuan
Urriaren 30ean Gernikan urriko azken asteleheneko azoka egingo da. Hitzordu oso berezia da lehen sektoreko ekoizleentzat eta, oro har, gizartearentzat, azoka jendetsuena izaten baita hau, festa handi bihurtua.
BBK-k Gernikako Udalari, azokaren antolatzaileari, laguntzen dio 254 etxola lagaz. Horietatik 54 artisauek erabiliko dituzte eta beste 200 etxoletan ekoizleek beren produktuak salgai jarriko dituzte.
Azken astelehena ezinbesteko hitzordua da ekoizleek beren produktuak erakuts ditzaten, eta herritarrok pixka bat hobeto ezagutu ditzagun erosten ditugun ortuari, fruta eta produktuen atzean dauden pertsona horiek guztiak.
Urriko azken astelehenean, azokarik bereziena
Gernikak urteko astelehen guztietan egiten du azoka, baina urriko azken astelehena da guztietan bereziena, egun horretan postuak merkatutik atera eta hiriguneko kaleetan zehar zabaltzen dira-eta.
9:00etatik 15:00etara jai handi honek gure baserritarren eguneroko lana balioesten du, eta bertoko produktuak inoiz ez bezala erakusten dira, artisauen eskulanekin eta nekazaritzako makineriarekin batera.
Gernikarrentzat, baina baita bizkaitar guztientzat ere, aukera pare bakoa izaten da lagunekin elkartzeko eta egunaz giro ezin hobean gozatzeko.
125.000 pertsona inguru igaroko dira Gernikako kaleetatik egun honetan. Horregaitik, goiz joatea gomendatzen da, jende-pilaketak saihesteko.
Eguna 9:00etan hasiko da, 200 postu ingururekin, herriko erdiguneko kaleetan banatuta (Artekalea, Juan Calzada, Industria, San Juan), eta nekazaritza-lehiaketari ekingo zaio.
15:00ak arte, azoka bisitatu ahal izango da, eta, bitartean, jarduera ugari izango dira, hala nola bertsolarien saioa, sari-banaketa (kategoriak: ortuariak, frutak, eztia, txakolina, landareak...) eta ongintza-helburuekin egiten den gazta-enkante ospetsua. Jai Alai pilotalekuan zesta-punta partidak ere jokatuko dira.
Zenbat da?: BBK Azokak antolatutako ekintza parte hartzeko
Gernikako azken asteleheneko azokak berrikuntza bat izango du 2023ko edizio honetan. Izan ere, BBK Azokak “Zenbat da?” ekimena aurkeztuko du, gure baserritarren lan edo beharra eta produktuak balioesteko helburuarekin. Modu ludikoan, BBK Azokak parte-hartzaileen buru-argitasuna sarituko du.
“Zenbat da?” BBK Azokan parte hartzen duten baserritarren produktuen saski handi baten lehiaketa da. Lotea askotariko produktuek osatuko dute, guztiak BBK Azoka sareko baserritarren ustiategietatik datozenak.
Saski hau BBK Azokaren etxolan egongo da ikusgai egun osoan zehar eta parte-hartzaileek prezio zehatza asmatu beharko dute, gainditu barik. Asmatzen duenak produktu sorta osoa eramango du.
Azokako nekazaritza- eta abeltzaintza-postuetan produkturen bat erosi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute. Erosketarekin txartel edo tiket bat jasoko dute, eta bertan apustu egiten duten lotearen prezioa eta datu pertsonalak jarriko dituzte.
Zenbat da? ekimenean parte hartu gura dutenek BBK gunean, produktu-lotearen ondoan, jarritako kutxan sartuko dute tiketa.
Azokaren amaieran, parte hartu duten tiket guztiak jasoko dira. Eta azaroaren 6an jakinaraziko da lotearen prezio zehatza nork asmatu duen eta, beraz, nork eramango duen saskia osorik.
Anima zaitez parte hartzera!
Produktuen zerrenda
- Karrantzako ardi mutur beltzaren gazta, Amalur 750 g
- Euskal pastela, Arantza Meabe
- Ogia intxaur eta mahaspasekin, Artesa okindegia 650 g
- Ogia txokolate eta laranjarekin, Artesa Okindegia 650 g
- Txakolina, Agirrebeko Berroja, botila bat
- Landako arrautzak, dozena
- Gernikako piper ekologikoa, Biortzatxu baserria, dozena bat
- Tomate-saltsa ekologikoaren packa, Biozaki, 2 poto
- Hiru marmelada ekologikoren packa, Biozaki
- Garagardoa, Argia pilsen, Km 0, Boga Garagardoa
- Oilo-salda freskoa, delikatetxe 1 l
- Tipula-konfita, delikatetxe 140 g
- Txakolin beltza, Doniene Gorrondona, botila bat
- Antzara-gibel trufatuaren moussea, Eskuola, 130 g
- Ahate-urdaiazpikoa, Eskuola, 100 g
- Sagardoa, Etxerriaga, botila bat
- Eukalipto-eztia, Eztizen, 1 kg
- Ibarrako pipermin ekologikoa, GOREKO
- Egur-labeko kokoak, Saratxaga, 1/2 kg
- Egur-labeko erroskilla, Saratxaga, 1/2 kg
- Txokolatea esnearekin erregaliz eta bioletekin, KAITXO
- Kafea, Kolitza Blend enkarterri, KAITXO, 250 g
- Olio ketua, KEIA, 250 cl
- Gilda antxoarekin, La Gilda del Norte, 18-20 unitateko potoa
- Barraskiloak saltsan, Landak Karakolak, 600 g
- Saltsa bizkaitarra, "LEARTIBAI" LANEKO, 350 g
- Uxual-krema berezia, luxuzko likoreak, 500 ml
- Txorizoa piperrekin, Loiuko, 6 unitate
- Solomo erdiondua xerratan, Lombera, 300 g
- Behi-zezina, Lombera, 350 g
- Gernikako babarruna, Momoitio, 1 kg
- Idiazabal gazta, Onandi, 1.500 g
- Txilar-eztia, Pedro Gallarreta, 1/2 kg
- Fruta-zuku ekologikoa, Santa Klara baserria, 75 cl
- Txakolin gorria, Txabarri, botila bat
- Hegaluzea, Urdaibai Kontserbak, 400 g
- Antxoa gatz arruntarekin, URDAIBAI KONTSERBAK 125 g
- Atun-patea eskabetxean, URDAIBAI KONTSERBAK
- Kalabazin berdea, Zizare enea, 1 kg
- Intxaurrak, UXARBEITI BASERRIA, 1 kg
- Pipermin ontziratua, UXARBEITI BASERRIA
Zenbat da? ekimenean parte hartzeko oinarriak
26/10/2023 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Ferias