- Blog
- BBK Esperientziak
- Gernika-Lumoko urriko azken astelehena
Gernika-Lumoko urriko azken astelehena
Euskal Herrian herri askotan egiten dira feria eta merkatu bereziak. Bertara jende asko batzen da, eskualdekoa ez ezik, urrunagotik etorritakoa ere.
Orain hamarkada batzuk, feriok aldian-aldian egiten ziren, baina horrez gainera, data seinalatuetan modu berezian ospatzen ziren eta jendearentzat estimatuak ziren. Horien artean adibide modura hauek aipatu daitezke: Bilboko eta Donostiako Santo Tomas azoka, Ordiziako Azoka, Bermeoko Arrain-azoka, eta abar. Beste horrenbeste esan daiteke Gernika-Lumoko urriko azken asteleheneko azokari buruz.
Gernika-Lumo Busturialdeko eskualde-buru izanik, urian beti egon dira denda eta jatetxe ugari. Alboerrietako jendea bertara etorri izan da beste beharrizan batzuetarako ere: medikuarengana, epaitegira, etab.
Herri barruko bizimoduan oso garrantzitsua izan da egunero egiten den nekazaritza-azoka, astelehenero modu berezian ospatzen dena. Astegun hau, aspalditik, apartekoa izan da gernikarrentzat. Horren erakusgarri da euskara eta gaztelera nahastatuta esaten den esamolde hau: Lunes guerniqués, golperik ez. Astelehena azoka-eguna izateak asko laburtzen du astea.
Lehen, astelehenero izaten zen egun handia. Merkatuan jende ugari batzen zen: inguruetako andre baserritarrek bendejea astoarekin ekartzen zuten plazan saltzeko. Erosleak herritarrak, jatetxeetakoak edo erregaterak izaten ziren; halakoek erositako ortuariak berriro saltzen zituzten. Uda amaieran eta udagoien hasieran batzen zen soloetako uzta: indabak, piperrak, tipulak, tomateak, letxugak, era guztietako frutak... Sasoi horretan merkatuak, edo jendeak esaten duen moduan plazak, aparteko indarra hartzen zuen. Saltzaile ibiltariak eta eguna animatzen zuten txerpolariak ere bertan batzen ziren.
Urriko astelehen guztiak bereziak izaten ziren, baina berariaz lehenengoa eta azkenengoa. Lehenengoa Errosarioko Amabirjinaren jaiegunaren ostean ospatzen zen (urriaren 7aren ostean). Gero Errosarioko domekaren osteko astelehenera aldatu zen (urriko lehenengo astelehena). Hala eta guztiz ere, garrantzitsuena azkenengo astelehena da.
Astelehen bietan pilota-partiduak, idi-probak, su artifizialak eta beste ekitaldi batzuk izaten ziren. Dena den, gaur egun jaiaren zentzua aldatuta dago. Orain herri osoa da plazagunea, eta sarri bazter guztiak jendez beterik izaten dira. Eskualdeko biztanleak ez ezik, edonondik bertaratzen dira milazak eta milazak pertsonak urtero-urtero deialdiari erantzunez.
Segundo Oar-Arteta – Labayru Fundazioa
Argazki-oinak:
1, 3, 4. Gernikako Urriko azken astelehena, 1996. José Ignacio García Muñoz. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.
2. Urriko azken astelehena, 1985. Gernikazarra Artxiboa.
5, 6, 7, 8. Urriko lehenengo astelehena, 1992. Igone Etxebarria. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.
16/10/2017 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Ferias