entro pro

Garia batzea - BBK Azoka

Garia batzea

Garia garrantzi handikoa izan da Bizkaian, labore horretatik lortutako irina oinarrizkoa zelako, batez ere ogia egiteko. 1950eko hamarkadan utzi zitzaion garia ereiteari, ogia dendetan erosteko aukera ugaritu zenean.

Garia egitea oinarrizkoa izan da gure baserrietan, baina ez zailtasunik gabea, hemengo klima hezeak gariaren ekoizpenari kalte egiten dio eta. Horregatik, bertoko uztak ez zuenez jendearen beharrizanak betetzeko beste ematen, sarritan kanpotik ekarri behar izaten zuten.

Gariak azaroan erein eta negu-udaberriak behar izaten zituen galburuak guztiz garatu arte. Uzta-bilketa uztailean egiten zen. Lan neketsua zenez, esku-behar handikoa, gehienetan familiakoek eta auzokoek laguntzen zuten.

Gari-ebakitzea igitaiaz egiten zen, lur sailak zabalegiak ez zirelako. Denborak aurrera egin ahala kodaina edo sega erabiltzen hasi ziren, eta geroago sega-makina idi-uztarriak tiratuta. Azaoak lotu eta gero, etxe ingurura eroaten zituzten eta han gari-metak egin. Galburuak ondo ihartuta zeudenean gari-jotzea egiten zen.

Gari-jotzea eguraldi onarekin egin behar zen, eguzkiak gogorren jotzen zuenean. Modu desberdinetan egiten zen: eskuz, azaoak hartu eta galburuak harlauzen kontra jota; idi-uztarriekin narrak erabilita, edo eultziaren gainean behor talde batek korrika eginda. Narra egurrezko lanabesa zen. Antzina behealdean tximistarri zatiak zituen, geroago metalezko hagindunak. Horien bidez garaua banandu eta galtzua xehatzen zen.

Behin garauak bananduta, pilatu egiten zen eta eskuz haizatu txerrikeriak kentzeko. Geroago haizatzeko makinak etorri ziren, haize korronteak sortzen zituztenak, eta horrek lana asko erraztu zuen. Ostean garia jotzeko makinak ere heldu ziren eta gari-jotzea arinago eta errazago egiten zen. Makina hauek ez zuten gehiago aurrera egin garia ereiteari utzi ziotelako.

Artikulua: Luis Manuel Peña Cerro, Labayru Fundazioa

 

Argazki-kredituak:

1. Igitaiarekin garia mozten. Zeanuri, 1920. Argazkia: Felipe Manterola

2. Garia mozteko makina. Zeanuri, c. 1960. Argazkia: Eusebio Ozerinjauregi.

3. Gari txolekin egindako metak. Areatza. Maribel Gorostizagoizak utzitako argazkia.

4. Idi-uztarria eta behorrak garia jotzen. Otxaran (Zalla), 1920. Argazkia: Nestor Basualdo.

5. Garia jotzeko makina. Zeanuri, c. 1960. Argazkia: Eusebio Ozerinjauregi.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1 <