Fruta-arbolak mentatzen

Betidanik mentatu izan dira fruta-arbola eta zuhaixka mota guztiak. Normalena da jenerorik onenetatik abiatuta egitea, helburu jakin batekin: ahalik eta fruiturik onena lortzea neurrian, kolorean, zaporean, izurriteei aurre egiteko eta eguraldira egokitzeko. Negu amaieran egiten da, udaberriaren lehenengo zantzuekin batera; hori bai, ilbeheran beti. Ahal dela mentatu beharreko zuhaitza aurreratuta egotea jagoten da; hau da, botea edo pipila kimatzeko puntuan edo kimatuta edukitzea; eta baita ere mendua atzeratuta etortzea.

Mentuak espezie bereko zuhaitzetan egin ohi dira, hobetzeko. Baina beti ez da hala. Adibidez, elorriari mesmerua txertatu izan zaio; irasagarrondoari madariondoa; eta basoko sagarrondo, madariondo, gereziondo eta aranondoak erabili izan dira etxeko fruitu gogorragoak lortzeko eguraldiari eta izurriteei aurre egiteko.

Teknika bi erabili izan dira gehien bat: txerto-zotza edo pipila erabilita beste barik. Lehenengoa azalduko dugu, gehien erabili izan dena. Txertoak zuhaitz helduetan ere egin daitezke, baina normalena da hazten ari diren zuhaiztxoak erabiltzea. Tantaiak diametro nahikoa eduki behar du. Zerrarekin lurretik tarte batera mozten da, aiztoarekin luzetara ebakia egin eta han sartzen dira aukeratutako zuhaitzeko adartxo bat edo bi, atzamar baten luzerakoak eta bote bat edo gehiagokoa. Ebakian ondo txertatzeko punta zorroztu egiten da eta aldeetako baten azala bertan uzten da, txertoa jarriko zaion zuhaitzarenarekin lotzeko.

Lotura egindako zatia babestu egin behar da. Horretarako iraganean hainbat material erabili izan dira: bekorotza hutsik edo lurrarekin edo buztinarekin nahastuta; pinu-erretxina hutsik edo txerri-koipearekin nahastuta; brea beroa hutsik edo buztin hezearekin nahastuta bigundu ahal izateko; horren gainetik oihal-zatiak jartzen ziren eta hala uzten zen harik eta mentua erne arte. Gaur egun horretarako moduko pastak erosi egiten dira.

 

Argazkia eta artikulua: Luis Manuel Peña Cerro

Labayru Fundazioa

 

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1