Euskal Txerria: ia desagertu zen zapore aparta

“Orain sentsibilizazio handiagoa dago, baina lehen lau zoro bakarrik ginen”, hitz hauekin hasten du Mariano Gómez-ek, Bilbao-Bizkaia Slow Food-eko ohorezko lehendakariak, bere kontakizuna euskal txerria, bertoko txerri-arraza, XX. mendearen azken konpasetan desagertzeko zorian egon zena, berreskuratzeko prozesuaz.

90eko urteen bukaeran gutxi ziren espezie honetako txerramak, oraindik Euskal Herriko mendietan bazkan zebiltzanak. Eta zehatz esanda, Hego Euskal Herrian behintzat desagertuta zeuden txerri-talde hauek.

Baina Iparraldeko abeltzain bat, Pierre Oteitza, aktiboki hasi zen lanean arraza hau berreskuratzeko; abere bere ezaugarriak orban beltz handiak, hanka motzak eta belarri luze eta eroriak dira. Gainera, Oteitzak abere honen produktuetan jarri zuen arreta: saltxitxak, pateak, txistorrak eta lukainka.

Bestalde, mugaz alde honetan, Bidania-Goiatzen, Pello Urdapilleta abeltzaina bere abizenaren jatorrian inspiratu zen ─hitzez hitz, txerri-taldea esan nahi baitu─ eta bere sendiaren erroetan hasi zen bila, azkenean abere honen iraupenarekiko kezka sortu zitzaiolarik.

“Gai honekiko interesa zuten bi abeltzain izatetik gaur egun elkarte espezializatuak eta berreskuratze programak izatera igaro gara” dio Gomezek.

Egia esateko, espezie honek ez du zerikusirik ohiko txerriarekin. Abere honek oso elikadura osasungarria eta naturala du, belarra jaten baitu. Txerri hauek aske bizi dira eta hil aurreko hilabeteetan bakarrik arautzen zaie dieta, laboreak ematen zaizkie-eta 120 kilo inguruko pisua har dezaten.

“Txerri honek ñabardura bereziak ditu ahogozoari dagokionez, mendian asko ibiltzen baita. Urdaiazpikoa berezi-berezia du, haragiak zoragarriak, eta gaur egun Bizkaiko sukaldariek gauza miresgarriak egiten dituzte", erantsi du Marianok.

Slow Food Bizkaian aktiboki lan egiten dute produktu honen bereizgarriak ezagutarazteko, Arca del Gusto-n sartuta dagoelarik; Arca del Gusto desagertzeko zorian dauden elikagai bereziak izendatzeko eta artisau erako produktu gastronomiko bikainak izendatzeko Slow Food erakundeak sorturiko ekimena da.

Gainera, erakunde hau beharrean dabil ostalaritza-arloak txerri honen haragi, hestebete eta urdaiak erabil ditzan, nahiz eta adituak zuhurtasuna mantendu elikagai hau eskala handian sartzeari buruz.

“Itxaropen handia ere ezin dugu sortu, oraindik gutxi gara eta, jakina, ezin da oso produktu zabaldua izan”, esan du amaitzeko.  

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1