Euskal pastela, azoka guztietako une goxoa

Arrautzak, esnea, irina, azukrea, gurina… eta batez ere mimo handia. Euskal pastela –bere jatorria XVIII. mendean du Lapurdin (Iparraldean)– Bizkaiko hainbat txokotan egiten diren nekazaritza-azoketako produktu izarretako bat da.

Gure Herriari loturiko gozogintzaren aldaera hau biziki lotua dago baserriko bizitzari eta gure ortu eta bazkalekuetatik irteten diren produktuei.

Euskal Herriaren mendebaldeko muturrean, Urduñan, Arantza Meabe gozogilea bizi da, euskal pastelaren izen berezietako bat; biskotxa ere esaten zaio euskaraz, eta gateau basque frantsesez. Arantzak azaldu duenez, hasieran euskal pastela etxean zegoenaz egiten zen, etxeko ekonomia zaintzea eta egiteko erraztasuna uztartuz, eta pixkanaka finduz joan da pastel-kremaz beteriko egungo tarta gozoa lortu arte.

Arantzak artisau eran guztiz eskuz lantzen du produktu hau, eta euskal pastela, ogiarekin batera, azokaren funtzionamendu onaren adierazle bihurtzen da ia.

“Pastela azoketan gehien saltzen den produktuetako bat da, eta bere martxaren erritmoa markatzen du apur bat. Ondo saltzen bada, azoka ondo doa”, zehaztu du.

Lehengairik onena erabiltzearen garrantzia azpimarratu du Meabek, eta bere kasuan, konfiantza osoa arrautza ekologikoetan eta bere udalerriko behi-esnean jartzen du, kalitateaz gain, garrantzitsua baita hurrentasuna.

“Niretzat garrantzitsuena lehengaia kalitate handikoa izatea da. Lurrak ematen duen produktura mugatzen naiz ni. Oso garrantzitsua da landari loturiko azoka batera lurraren emaitzez egindako elikagai batekin joatea", ziurtatu du.

Gainera, ez du erabiltzen kontserbagarririk, ezta produktua izozten ere; beraz, ahalegin garrantzitsua egin behar izaten du pastela beti egin berria izan dadin.

“Nire semearentzat eta etxekoentzat gura dudana gura dut bezeroentzat ere, nire familiaren parte dira-eta”, erantsi du.

Berangoko azokaren azken edizioan, maiatzaren 1ean egindakoan, Arantzak hirugarren saria jaso zuen pastelaren kategorian.

“Biziki eskertzen dut saria, eta epaimahaiaren aitortza handi hori gutxietsi gabe, esan gura dut saririk onena nire bezeroena dela, beraiek azaltzen didaten leialtasuna. Batzuetan lausengu larregi egiten didate, harro sentiarazten naute”, dio Arantzak.

Bere iritziz, euskal pastelak azoketan duen arrakasta ulertzeko, kontuan izan behar da mokadu egokia dela gosaltzeko, askaltzeko, bazkalostean kafearekin hartzeko…

Egia esateko, edozein une da egokia euskal pastel zati bat jateko, baina Arantza Meabek badu gomendio bat bere betetasun osoan gozatzeko: konpainia onean kontsumitzea!

 

 

 

 

 

 

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1