- Blog
- BBK Esperientziak
- Euskadiko azoka eta feriek badute gida propioa beren antolaketa optimizatzeko
Euskadiko azoka eta feriek badute gida propioa beren antolaketa optimizatzeko
Euskadiko feria eta azoken antolaketa eta kudeaketa egokia egiteko udalek eta toki-erakundeek beharrezko informazioa izan dezaten, joan zen martxoaren 8an Eusko Jaurlaritzaren “Euskadin tokiko azokak eta feriak antolatzeko gida” aurkeztu zen jendaurrean.
Gida hau lan-tresna bat da, eta bertan zehatz-mehatz azaltzen dira tokiko azoka eta ferietan salmentarako antolaketa eta azpiegitura egokiari buruzko argibide guztiak, baita aplikatu beharreko araudiak eta produktuek eta produktuen aurkezpenean bete beharreko baldintza higieniko eta sanitarioak ere.
Argitalpena Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak egin du, hiru foru aldundiekin, Hazi nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna eta iraunkortasun jasangarria bultzatzeko erakundea, Elika Elikagaien Segurtasunerako Fundazioarekin eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin elkarlanean.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza garatzen ari den estrategia multikanalaren barruan, Gida hau argitaratzea beste urrats bat da zuzeneko salmenta-bideak bultzatu eta euskal baserriek eskaintzen dituzten hurbileko eta kalitateko produktuak merkaturatzen laguntzeko.
Tokiko azoka eta ferien dinamizazio-prozesuaren abiapuntua izan gura du Gida honek, eta zuzeneko salmentaren onurez herritarrei kontzientzia pizteko hainbat ekintza ekarriko ditu.
“Euskadiko feria eta merkatuen estrategia orokor bat egiteko, hemendik aurrera jarraituko dugun bidearen hasiera da hau” adierazi du Elika fundazioaren zuzendariak, Arantza Madariagak, eta erantsi du une hauetan garrantzitsua dela baterako hausnarketa egitea “betiko azoka-sistema garai berrietara egokituz joateko”.
XXI. mendearen araberako feria-estrategia baterantz joateko egingo diren hurrengo ekintzetan lidergoa zertzeko eta aurrera egiteko ardura Elikak ─elikagaien segurtasuna bermatzeko Eusko Jaurlaritzak sustaturiko erakundeak─ izango du.
13/03/2017 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Ferias