Dotorezia aho-sabairako, energia organismorako

Zuntz eta proteinatan duen eduki handi, sukaldaritzan duen moldakortasun izugarri eta zapore paregabeagatik, indaba edo babarrunak oso lekale preziatuak dira eta hobezinak urte osoan jateko. Baina produktu honen atzean prozesu neketsu eta eskulan handikoa dago, eta hor sartzen dira ereitea, jorratzea, uzta batzea, lehortzea, lekak jotzea eta aukeratzea.

“Ustiategi handietan mekanizatu egiten dute prozesua, baina gure inguruan eskuz egiten da, batez ere”, dio Gorka Irazabal bizkaitar ekoizleak.

Bere ustiategian, Mungiako Goreko baserrian, babarrun arrozkara ─sukaldaritzarako eskaintzen dituen aukera handiez gain, bere fineziagatik nabarmentzen den aldaera zuria─ jasotzen dute, baina baita Arabako babarrun nabarra, nabar luzexka eta, noski, Gernikako babarruna ere.

Azkenean merkaturatuko diren babarrunen aukeraketa egiteko, homogeneotasuna, tamaina eta kolorea izaten dira kontuan. Babarrun nabarrak oso ondo saltzen dira, baina zuriek ere egundoko harrera izaten dute.

Gorka oso pozik dago lekale hauek gero eta gehiago erabiltzen direlako, ohiko eltzekariez haratago.

“Babarrunaren gero eta aplikazio gehiago ikusten dira. Gisatzeko bakarrik direlako mitoa gezurtatu egin behar da”, diosku nekazariak, goarnizio edo entsaladarako dituzten aukerak ere nabarmenduz.

Irazabalek bere nutrizio-propietateak ere azpimarratzen ditu. Babarrunek landare-proteina, zuntz, mineral, folato eta B taldeko bitamina asko dituzte, eta beraz energia-dosi handia ematen diote organismoari.

Begoña Lumbrerasek, Momoitio Baserrikoak, babarrun gorria, Gernikakoa eta Tolosakoa, erein eta jasotzen ditu batez ere, eta su txikitan bor-bor egoten diren eltzeko horien atsegina aldarrikatzen du, salda loditu egiten baita, jaki sendo eta ezin zaporetsuagoa lortuz.

Bere iritziz, babarrunaren prozesuak ardura handia eskatzen du, baina beharrezkoa da kontsumitzaileari produktu-aukera zabala eskaini ahal izateko.

“Behar edo lan handia ematen du, baina bezeroak harritu egin gura ditugu eta askotariko produktuak eskaini", esan du.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1