- Blog
- BBK Esperientziak
- Azpi Gorri ahuntza, su-gorria eta arbeltxa bezain beltza
Azpi Gorri ahuntza, su-gorria eta arbeltxa bezain beltza
"Azpialdean suaren gorritasuna eta ilajea arbeltxa bezain beltz distiratsua". Honela deskribatzen du Euskadiko Azpi Gorri Federazioko (EAFE) lehendakariak, Beñat Olazabalagak, Azpi Gorri ahuntza, ahuntz-arraza bakarra ofizialki Euskal Herriko autoktonotzat joa. Hain zuzen ere, bere izenak euskaraz horixe esan nahi du: “azpialdea gorrixka duela”, hausnarkari honen ezaugarri nagusia.
Azpi Gorri ahuntzak Pirinioetako enborrean du jatorria, eta oso abere landatarra da; kapa beltza du eta gorrirainoko degradazioak sabelaldean, eta ilea labur samarra eta fina emeen kasuan, eta lisoagoa akerren kasuan.
Arraza honek historikoki bitarako balio izan du, hau da, bai esnetarako eta bai haragitarako. Hala ere, gaur egun ia soilik haragitarako hazi eta ustiatzen da, nahiz eta iraganean jetzi ere egiten zen esnetarako ezaugarri onak zituelako.
Haragi-ekoizpenean bi mota merkaturatzen dira: antxumea, batez ere amaren esneaz hazia eta 40-50 egunera hiltzen dena 12 kilo dituenean bizirik; eta ahuntz larria, zahartu eta baztertutako ahuntza, baserri-giroan jaten dena eta garai batean kontserbak egiteko ere erabiltzen zena.
Oro har, Azpi Gorri ahuntza familia-ustiategi txikietan bizi da, eta guztira 20-30 buru izaten dira. Apirila igarotakoan, ahuntz-taldea mendira bidaltzen da, eta han abereak askatasun osoan bizi izaten dira 5-6 hilabetez. Gero, neguan, ahuntzak baserrietako bazkalekuetara itzultzen dira antxumeak hazteko.
Olazabalagak dioenez, Azpi Gorri antxumearen bikaintasuna ezagutzen dute jatetxe batzuek, baina produktu honen aitortza oraindik ez dago zabalduta. “Askoz gehiago kostatzen da antxumea haztea arkumea baino. Maneiua ezberdina da eta hazteko ere denbora gehiago behar du. Baina haragia askoz osasungarriagoa da eta digeritzen errazagoa, gantz gutxiago izaten du eta", erantsi du.
2016ko azken errolda-datuen arabera, Euskadin 1.052 ahuntz eme daude guztira (horietako 1.005 kumeak egiten dituztenak), eta 85 aker (75 hazitakoak).
53 ustiategietan banatuta, Azpi Gorri arraza batez ere Bizkaiko hegoaldean dago (erroldaren eta ustiategien % 65 gutxi gorabehera), baina badira ahuntzak Araba iparraldean eta Gipuzkoan ere. Espainiako Gobernuko Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egina den Arrazen Katalogo Ofizialaren arabera, Azpi Gorri ahuntza ofizialki desagertzeko arriskuan dago.
Hala ere, erakundezko ahalegin handiak egiten dira EAEn arrazaren dibertsitatea gordetzeko eta etorkizuneko belaunaldientzat mantentzeko, baita horren ondare genetikoa kontserbatzeko ere. Horren haritik, badira bi araudi Azpi Gorri ahuntz-arrazaren ingurukoak.
Alde batetik, aipaturiko EAFEk badu Azpi Gorri Arraza Kontserbatu eta Hobetzeko Programa berea, eta honen helburu nagusia da arraza mantentzea, dagoen aldakortasun genetikoa kontserbatuz eta desagertzea saihestuz. Horren jarraipenerako Federazioak Neiker-Tecnaliako (Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Euskal Institutuko) Eva Ugarte genetistaren laguntza du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 2016ko apirilean Azpi Gorri arrazarentzat berariazko araudia onartu zuen, ahuntz-arraza honen liburu genealogikoaren kudeaketa eta egitura egokitzen dituena, arraza-prototipoaren zenbait alderdiren definizioa berrikusteaz gain.
Arraza autoktonoa zaindu edo jagotearen garrantzia Euskal Herrian tradizio handiena duten abere-azoka batzuetara ere iristen da, eta Azpi Gorri ahuntza izaten da horietan protagonista. Besteak beste, Mañariako Azpi Gorri Ahuntzaren Azoka Monografikoa nabarmentzen da edo Araban Baranbio udalerriko Ahuntz Eguna, non Azpi Gorri arrazako bururik onenak izaten diren ikusgai.
Argazkiak: EAFE
12/06/2017 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Ferias