Arrautza eta oiloa

Aristoteles, Plutarco edo Papineau dira Historian zehar betiko dilema bati erantzun unibokoa ematen saiatu diren pentsalari ospetsuetako batzuk, alegia, zer izan ote zen lehenengo: arrautza ala oiloa? Baina ezagutza zientifikotik eta hausnarketa filosofikotik eratorritako teoriak alde batera lagata, maila gastronomikoan behintzat, inkognitak argituta dagoela ematen du: berebiziko kalitatea duten arrautzak jateko, oiloa da funtsezkoa.

Arrautza osasungarri eta gozoek oiloak egoki haztea eskatzen dute, hau da, elikadura ona, berezko argia eta mugitzeko askatasuna izatea. Baldintza horiek dira Oilobide-ren oinarrizko bide-orria; Tologorri mendiaren magalean dago ustiategi hau, Bizkaiko Urduña udalerrian, eta han 3.000 oilo errule baino gehiago daude pentsu eta arto ekologikoz soilik elikatuta, landa zabalean aztarrika ibiltzen direlarik.

Oilategian behar beste leku dago Ainhoa Alavak, Oilobide-ren arduradunak, hain arreta handiz hazten dituen hegaztiak mugitu eta sasoian egon daitezen, mokoka eta aztarrika eginez, funtsezko elementuak arrautzek kalitate ona izan dezaten.

“Gure oiloek lekua dute askatasunez mugitzeko. Landan ibiltzen dira eta guztiz ekologikoak diren pentsu eta artoz elikatzen dira. Ekoizpen-eredu honek bermatzen du oiloak ez direla antibiotikoz tratatuak izan, eta beraien elikaduran ez dagoela ez intsektizidarik ez koloregairik. Onurarik handiena kontsumitzailearentzat da, %100 osasungarria den produktua jaten baitu", azaldu du Alavak.

Bere iritziz, metodo honen arabera hazi eta elikaturiko oiloak bestelakoak dira, eta beraien arrautzek gorringo argiagoa, horiagoa, dute, eta ez dira ekologikoak ez direnak bezain laranja kolorekoak.

Oilobide-n duten beste kezka bat produktuaren banaketa da, arrautzak kontsumitzailearengana lehenbailehen iritsiko direla ziurtatzeko.

“Biharamunean irten daitezen saiatzen gara. Zenbat eta errun berriagoak izan, hobe”, dio Ainhoak, eta arrautzek tenperatura-aldaketa zakarrik ez jasatea aholkatzen du, hobeto kontserbatzeko.

Ainhoa 2006an hasi zen nekazaritza ekologikoa egiten, oraindik badaukan barraskilo-haztegiarekin; baina produktu hori aldi labur batera, batez ere Eguberrietara, mugatua dagoela ikusirik, berehala pentsatu zuen beste jarduera bat, nekazaritza ekologikoaren onurak aplikatzeko.

“Oso garbi izan nuen hasieratik era ekologikoan ekoizten jarraitu gura nuela”, diosku berak.

Une hauetan, zera pentsatzen dabil: etorkizun hurbilean, zelan zabaldu ekoizpen ekologikoa beste elikagai batzuetara. Oilo erruleek 13 hilabeteko bizi-zikloa dute, eta denboraldi horren ostean hil egiten dituzte. Ongi elikaturiko hegaztiak direnez, elikagai gozo-gozoak egiteko erabiltzen dituzte, oilo-salda edo papar eskabetxatuak.

“Oiloak eurak balioan jartzea da kontua", laburtu du Ainhoak.

Arrautzak sukaldaritzan dituen aplikazio askotarikoez gain ─nahasturik, frijituta, barrubeteak, arrautzopilak, gozogintzako errezeta askoren oinarri, quiche edo tartaletak─, oso janari elikagarria da, eta energia asko ematen duena (150 kcal 100 gramo jangarriko).

Espainiako Nutrizio Fundazioaren arabera, arrautzek funtsezko aminoazidoen proportzio orekatuak dituzte. Arrautzaren zuringoak proteina hauek ditu: oboalbumina, konalbumina edo obomuzina. Gorringoak, berriz, beste hauek: lipobitelina, lipoproteina LDL edo fosfobitina.

A, B eta D bitaminak ere badituzte, eta mineralak: fosforoa, iodoa, selenioa, burdina eta zinka eta pigmentu antioxidatzaileak.

Gizartean ongizate, elikadura, biodibertsitate eta ingurumenarekiko dagoen gero eta kezka handiagoak elikagai ekologikoen ekoizpen eta merkataritza bultzatu ditu; gero eta gehiago ikusten dira saltegietan, eta giza kontsumorako hain funtsezkoa den produktu bat, arrautzak, ezin zen geratu joera horretatik kanpo.

Bereizteko, aski da azalean inprimaturiko zenbaki-kodeari begiratzea: arrautza ekologikoak zero (0) batez hasten dira. Ongi dakite Oilobiden ezkerreko zero hori balio handikoa dela.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1